2021-06-03 10:41

 

Bilbo, 2021/06/02

Bigarren urtez jarraian, Aste Nagusia bertan behera utzi genuen atzo Bilboko Konpartsok eta Bilboko Jai Batzorde Mistoa osatzen dugun beste eragileok: Zazpi Kaleetako dendariek, Fekoor-ek, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal talde politikoek. Elkar-zaintzaren filosofian oinarritu ginen erabaki hori hartzeko, denon osasunaren alde jokatuz. Ez dago baldintzarik aurten ere ohiko Aste Nagusi parte-hartzaile eta aldarrikatzailea antolatzeko eta tristeziaz uko egin beharko diogu aurten ere Mari Jaia besarkatzeari. Dena den, Jai Batzorde Mistoko kideok konpromisoa hartu genuen datorren urtean Mari Jaia eta Aste Nagusia buelta daitezen lan egiten segitzeko.

Bide horretan, Bilboko Konpartsok beharrean gaude, datorren urteari begira ez ezik uda honetan garatuko dugun kultur-programazio herrikoiak Bilbori irria berreskuratzen lagun diezaion, Covid-19ren oinazearen eta konfinamuenduetako nekearen ostean. Hala, ekainaren 12an, Gora Txosnagane! mendi-igoera neurtua izango da, eta dagoneko izen-ematea zabalik dago; hilaren 23an, berriz, San Juan bezperarako antzezpen indartsu batez gozatu ahal izango da; eta abuztuaren azken astean kulturaz eta ezustekoz blai izango da Bilbo, konpartsakideen ekimenez. Ohi legez, bizitza, kirola, kultura eta Bilborekiko zein komunitatearekiko konpromisoa eskainiko diete hiritarrei Bilboko Konpartsek. Irria aurretik beti.

Azkenik, “bitxia” iruditu zaigu Bilboko Udalak Jai Batzorde Mistoaren agerraldia egin nahi ez izana eta JBMren prentsa-oharra kaleratu baino lehen bideo-spoilerra egin izana. Nahiz eta Udala gure lana isilarazten saiatu den, Bilboko Konpartsok, eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskalduna indartuz segituko du.

Bilboko Konpartsak

Tel.: 607 653 545 E-posta: bulegoa@bilbokokonpartsak.eus

 

The post Irria aurretik, Aste Nagusia bertan behera utzi arren appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara