2022-06-12 17:18
Bikote bat Txosnaganeko gailurrean

Atzo, ekainaren 11n, egin zen Bilboko Konpartsak federazioak antolatutako Txosnaganerako X. Ibilaldi Neurtua. Denera, 190 lagunek parte hartu zuten kirol- eta jai-ekimen horretan. Berezitasun bi izan zituen aurtengo edizioak, eguraldi lainotsua eta tenperatura onarekin batera: Covid-19ko pandemiaren ostean normaltasuna berreskuratu izana eta, Supersur-en lanak direla eta, Bolintxutik igarotzeko debekua.

Bilboko konpartsok aste hasieran azaldu genuenez, “bitxia da, baina apenas afekziorik izango ez zuela esan zuten arren, handik ibiltzea eragotzi dute, bidezidorrak berak baino trafiko gutxiago duen makroegitura hori egiteko”.

Txosnagane mendia hainbat izenekin da ezaguna: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu, besteak beste. Pagasarri eta Ganekogorta gainen artean dago, eta 877 metroko altuera dauka.

Bi ibilbide ezberdin ezarri genituen, biak San Adrian auzotik irtenda: laburra, 13,6 kilometrokoa (582 metroko goranzko desnibelarekin); eta luzea 19,17 kilometrokoa (967 metroko goranzko desnibelarekin).

Ibilbide biak Bolintxu errekaren ondotik igarotzekoak ziren, Bilboko paraje natural bakarretakoa, eta mendizaleek asko estimatutakoa; baina debekuagatik desbideratu ziren. Bilboko konpartsok salatu dugu Supersurren lanak direla eta “suntsitzeko mehatxupean” dagoela Bolintxu.

Azken urteotan legez, helmuga Atxuriko Enkarnazio Plazan kokatuta egon zen, bertako auzo-jaiekin bat egiten. Mendizaleek han aurkitu zuten indarrak berreskuratzeko beharrezkoa zen guztia; bertan ere izan zen parte-hartzaileentzako opari eta sari-banaketa.

Honako hauek izan ziren irabazleak: 

● Ibilbide laburra: 
● Nerea Lopez / Andrea Abaskal
● Denbora: 03.28.30 (bataz bestekotik 02.38ra)

● Ibilbide luzea: 
● Itziar Orbegozo / Josu Naveda 
● Denbora: 04.27.43 (bataz bestekotik 00.48ra)

● Zozketa (bi pertsonentzako otordua Kalderapeko jatetxean): 
● Asier Vega / Iker Maya

● Zozketa (arropa eta materiala Landaburu kiroldendan): 
● Ane Villabuenaa / Lucia Peral

Txosnaganeko ibilbide laburra (berria):
https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/txosnaga-ibilbide-laburra-2022-103847234

Txosnaganeko ibilbide luzea (berria):
https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/txosnagane-ibilbide-luzea-2022-103844767

Nerea Lopez eta Andrea Abaskal, ibilbide laburreko irabazleak

The post Gogotsu aritu ziren bilbotarrak Txosnaganerako ibilaldi neurtuan appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara