2021-07-15 09:15

Bilboko konpartsok prest dugu etzi Bilboko Areatzan ospatuko dugun Konpartsakide Egunaren egitaraua. Erdigunean ipini dugu “bilbotarrek bilbotarrei aisialdia eta kultura eskaintzea” eta auzokideei parte-hartzerako bideak erraztu dizkiegu. Kultura eta bizitzaren aldeko kalejira herrikoia izango da eguneko ekitaldi nagusia, 12:30etan. Egitaraua osatuko dute umeentzako tailerrek, ardo-dastaketa ikastaroak, sasoiko barazkien zozketa eta ezusteko ikuskizunek.

Etzi, larunbatean, izango da Konpartsakide Eguna Bilboko Areatzan, aurten “Bilboko Irriaren aurretiko topagunea eta beroketa-saioa” izango dena. Joan den astean iragarri bezala, konpartsok kultura eta bizitzaren aldeko kalejira herrikoia abiatuko dugu 12:30etan, Areatzatik: “ez dugu nahi aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatzea kultur eta jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak eta debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez”. Horregatik bilbotarrei eskatu diegu kalera irteteko, kultura bizia eta jaien eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskalduna babesteko.

Covid-19ko pandemia piztu zenetik konpartsakideok ohikoa dugun elkar-zaintzaren filosofian oinarritu gara, eta elkartasun-sareetan eta osasungintza publikoaren aldeko ekimenetan parte hartu dugu, baina modu berean oso kritikoak izan gara kulturari eta jai herrikoiei ipinitako murrizketa, traba eta debekuekin. Hala, euskal Kulturgintzaren grebarekin eta Teknikariok sindikatuaren protestekin bat egin genuen.

Konpartsakide Egunaren egitarauak bilbotarrek bilbotarrei aisialdia eta kultura eskaintzea izango du xede, osasun-neurri denak betez. 12:00etan hasiko da, neska-mutilentzako tailerrekin. Horien ostean, kalejira herrikoiaz aparte izango dira ardo-dastaketa ikastaroa, Mikel Garaizabal Sommelierrarekin eta Eusko Labeleko sasoiko barazki-otzaren zozketa. Ardo-dastaketa ikastaroan parte hartzeko, aurretik izena eman beharra dago. Horretarako, hemen eman behar da izena, izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefonoa adierazita. Aforoa mugatuta dagoenez, pertsona bakoitzak bina leku eskatu ahal izango du, gehienez jota. Konpartsok eskertzen dugu Hazi euskal agentziaren eta Eusko Labelen babesa.

Arratsaldean, berriz, hainbat ezusteko ikuskizun izango dira Zazpi Kaleetako balkoietan, ordu berean, 18:00etan. Ekimen horrekin, konpartsok oroitu nahi izan dugu konfinamenduan auzokideei bizitza poztu zieten kulturgileen eredua, balkoietatik ere kultura eta alaitasuna eskainiz.

The post Bilbotarrak ardatz hartuta Konpartsakide Eguna izango da larunbatean appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara