2020-07-18 16:19

Bilboko Konpartsok ez dugu aurten Aste Nagusia ospatuko. Halere, gaur Bilboko Areatzan azaldu dugunez, abuztuaren 22tik aurrera izango da pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko bitartekoa. “Aste Nahasia” deitu diogu antolatuko dugun ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumeari, Bilbok Aste Nagusiaren ohiko datetan biziko duen kontrastez betetako egoera laburbiltzeko. Gaur lehenengo ekimena aurkeztu dugu: kartel-lehiaketa. Bestalde, konpartsok dei egin dugu zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendatzeko.

Gaurko datan zen ospatzekoa Konpartsakide Eguna, Aste Nagusirako motorren beroketari hasiera eman ohi dion konpartsen arteko ospakizuna. Baina osasun egoerak eta bizi dugun errealitateak, ordea, bestelako ekitaldiak antolatzera behartu gaitu. Hala, arratsaldean, “Jaiak bultzatzen!” lelopean, jai herrikoien aldeko manifestazioa egingo dugu, Aste Nagusiko jai-gunearen perimetrotik.

Aurreko egun eta asteotan azaldu dugunez, konpartsok jada datozen hilabete eta urteei begiratzen gaude. Izan ere, beldur gara aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko dituzten jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak eta debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez. Horregatik, egoera salatu eta herri mugimenduaren alde agertuko gara, Euskal Herriko jai-eragileak elkarlanera deituta, normalitate berrian eredu parte-hartzailea zaindu eta defendatzeko.

Aste Nahasia

Baina aurtengo jai-urtea ez dugu galdutzat jo. Aurten ez da izango Aste Nagusia, baina abuztuaren 22tik aurrera izango da pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko bitartekoa. Egingo dugu elkar zaintzatik, osasun-neurriekin, eta prebentzio irizpideak gidatuta, modu herrikoian, feministan, euskaldunean, ekologistan eta ahal den parte-hartzailean. Ekimen horri, “Aste Nahasia” izena ipini diogu.

Izen horren atzean, gaur eguneko kontrasteak irudikatu ditugu: tristezia, alaitasuna, kolektibotasuna, Mari Jaiaren falta, shock-egoera, eta zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendatzeko deia: Aste Nahasia, urte tristea delako, galdu ditugun senide, lagun, lankide eta auzokideengatik, zein lana berreskuratu ez dutenengatik… Aste Nahasia, egoera horretan inoiz baino gehiago behar ditugun alaitasuna eta irribarrea aurkitzeko… Aste Nahasia, denok berriz batuko gaituen ekimen koloretsu eta kolektiboa behar delako, distantzia fisikoak gorde arren… Aste Nahasia, uda arraroa delako, maskarak aurpegi erdia estalita ikusten baititugu kuadrillakoak… Aste Nahasia, begiak estali barik izan arren ez dugulako ikusiko Mari Jaia balkoira ateratzen… Aste Nahasia, jai zoroa den Aste Nagusiari urteen poderioz ordena apurrak eta ohitura batzuk antzematea lortu dugunean, berriro ere erabat aldatu delako aurten, begi-bistatik desagertzeraino… Aste Nahasia, oraindino shock egoeran eta nahastuta gauden arren, belarriak erne eta begiak zabalik izan behar ditugulako, zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendatzeko.

Joan den urritik ehunka konpartsakide ibili gara ohiko Aste Nagusia prestatzen, baina Covid-19ko izurriteak dena hankaz gora ipini digu. Hala, iaz antolatutako 566 ekitaldiak behin eta berriro aztertu eta moldatu dituzte unean-uneko osasun-neurriei, Bilboko Konpartsekin elkarlanean dabiltzan dozenaka eragileekin batera. Gainera, beste ekimen batzuk sortu dituzte. Halere, denak galbahetik hainbat bider pasatu ostean gehienak ezin izango dituzte egin aurten. Halere, datozen asteotan ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume bat plazaratuko dugu.

Kartel-lehiaketa

Hala, gaurkoan Aste Nahasia horren lehenengo ekimena azaldu dugu konpartsok: Aste Nahasia bera iragartzeko kartel lehiaketa baten bidez aukeratuko dugu eta izen-emateari hasiera eman diogu. Kartelak honako testua izan beharko du derrigorrez: “BILBO 2020. ASTE NAHASIA. Abuztuaren 22tik aurrera”. Lanak aurkezteko epea uztailaren 30eko 15:00ak arte izango da, posta elektronikoz, honako helbidera: astenahasiakartela@bilbokokonpartsak.eus.

Kartel-lehiaketaren oinarriak (pdf) hemendik jaitsi.

The post Aste Nahasia egingo dugu konpartsok Aste Nagusiaren datetan appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara