2022-05-12 10:23

Bilbo, 2022ko maiatzaren 12a 

Itsasne Nuñez txupinerak abiatu du Aste Nagusirako 100 eguneko atzerako kontaketa, Bilboko konpartsok gaur goizean Plaza Barrian egindako ekitaldian. Konpartsok gogorarazi dugunez, abuztuaren 20ko txupinarekin batera nagusituko dira “gure botxo maitean hain beharrezkoak ditugun kaosa eta algara, festa eta poza”. Tartean, etzi, zapatuan, Kapela Eguna antolatuko dugu Zazpi Kaleetan. Egun horretan, Plaza Barriko balkoietatik eskegiko dugu kontagailu analogiko bat.

Gaur goizean, Nerea Matutek eta Saioa Dominguezek aurkeztu dute atzerako kontaketa, Itsasne Nuñez txupinerarekin eta Bilboko Jai Batzorde Mistoko hainbat kiderekin batera. Konpartson ordezkariek agerraldia egin dute Bilboko Plaza Barrian. Bertan gogorarazi dugunez, Aste Nagusiaren hasierarako 100 egun falta dira: “hiru urte esperoan eman ondoren, azkenik, ehun egun barru bilbotarrontzat hain garrantzitsua den astea iritsiko da”, ziurtatu du Dominguezek.

Botoi gorri handi bat sakatuta, Itsasne Nuñez txupinerak hasiera eman dio pantailatzar batean erakutsi dugun 100 eguneko atzerako kontaketari, Bilbokokonpartsak.eus webgune honetan etengabe martxan dabilen bertsio digitalari. Nuñezek 2019ko Aste Nagusian izan zuen suziriak jaurtitzeko ardura eta oraindik jarduneko txupinera da, lekukoa pasa bitartean. Aurreikusita zegoen Bea Sever pregoilariak ere parte hartzea ekimenean, baina familia konpromiso bat tarteko, ezinezko egin zaio bertaratzea.

Bilboko Konpartson ordezkariek azaldu dutenez, 100 egun barru, abuztuaren 20an, Arriaga antzokiko balkoitik txupinera berri batek txupina jaurtiko du; txupin horrek seinalea emango du eta, “haren eztandarekin batera, gure botxo maitean hain beharrezkoak ditugun kaosa eta algara, festa eta poza Nagusituko dira”. 

Konpartsakideok irrikitan agertu gara “hiru urteko jai-garizuma luzeari” amaiera emateko, eta gogorarazi dugu “goxak eta erlojuak sinkronia galtzen duten bederatzi eguneko aste zoragarri hori gero eta hurbilago” dagoela, Kepa Junkera eta Edorta Jimenezen “Badator Marijaia!” kanta mitikoari erreferentzia egiten. Gure ustez, jada “suma daiteke” giro hori Bilbon. Horregatik, “egunez egun gogoan izan dezagun, atzerako kontagailua martxan jartzea” pentsatu dugu konpartsok.

Atzerako kontaketak, baina, kontagailu fisikoa ere izango du; larunbat honetan jarriko dugu, Plaza Barriko balkoietan, “motorrak berotzeko” konpartsok antolatu dugun Kapela Eguneko ekitaldien baitan, eguerdiko ordubata eta erdietan. Bertan parte hartu nahi izango duenak “nahikoa izango du buruan kapela edo txano bat janztea eta, jaiaz gozatzeko gogoa”, adierazi dute Matutek eta Dominguezek.

Kapela Eguneko egitaraua

Zapatu goizean, Kapela Tour batekin hasiko dugu eguna, udaletxetik egingo dugun ibilbidearekin. Goiz osoan zehar, 11:00etatik 14:00etara, Kapela-azoka izango da Plaza Barrian; leku berean izango dira ere hurrenez hurren txapelgintza tailerra, 11:00etan; eta Kapela Lehiaketa, 12:00etatik 13:00etara; sariak banatuko dira ondoren. Bitartean, dantza-plaza izango da. 13:30ean, atzerako kontaketaren kontagailu analogikoaren estreinaldi mundiala izango da, Plaza Barrian. 14:00etan kalejira izango da fanfarrearekin Zazpi Kaleak girotzeko eta, arratsaldean, Kapela-poteo musikatua izango da Unamunotik abiatuta. Amaitzeko, 19:30ean, kapeladun Bilbo Kantari berezia izango da, Bolsatik abiatuta.

Badator Marijaia!

#NGS22 #KapelaEguna

The post Aste Nagusirako ehun eguneko atzerako kontaketa hasi dugu Bilboko konpartsok appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara