2021-01-29 11:25

Bilbo, 2021/01/29

Bilboko Jai Batzorde Mistoak iragarri du otsailaren 6 eta 16a bitartean ez duela aratusterik antolatuko, “prebentzio-irizpideei, elkartasunari eta elkar-zaintza filosofiari jarraiki”.
Bestalde, osasun-neurri denak betez, burbuila-taldean mozorratu nahi dutenei magia eskaini die gai moduan.
Euskal Museoan egin du agerraldia erakundeak, Bilboko aratusteak eta Aste Nagusia antolatzeko erantzukizuna duenak.

Itziar Urtasun Jimenok eta Artzai Goieaskoetxea Agirrek eman dute aratusteak bertan behera uzteko erabakiaren zehetasunak. Urtasun Bilboko Udaleko Jai zinegotzi eta Bilboko Jai Batzorde Mistoko presidentea da, eta Goieaskoetxea Bilboko Konpartsetako batzarkidea da Jai Batzorde Mistoan.

Urtasunek eta Goieaskoetxeak azaldu dutenez, Bilboko Aratusteak ez antolatzea aho batez erabaki du batzordeak, uste dutelako “ez dagoela osasun-baldintzarik 2021eko otsailaren 6a eta 16a bitartean Bilboko Aratusteak antolatzeko ezta ohiko programazioa garatzeko ere, prebentzio-irizpideei, elkartasunari eta elkar-zaintza filosofiari jarraiki”. Eta horrela jakinarazi diete bilbotarrei.

Gogorarazi dutenez, egunotan Bilbo Covid-19ko gune gorriaren barruan dago, eta Euskal Herriko herri gehienetan bezala, ezarrita dauka udalerri mailako itxiera, talde-bilerak launa pertsonara mugatuta daude eta etxeratzeko agindua indarrean dago, besteak beste. Kontuan hartu dute ere birusaren olatuen ondorioz, “negar egiteko egoerak” izan direla eta badirela, “hainbat egoitzatan, ospitaletan, etxetan, dendatan, enpresatan…

Aipatutako testuinguru horretan, arduraz jokatu nahi izan dute aratusteak kalean ez antolatzeko hartutako erabakiaren bidez, “uste baitugu ardura kolektiboa dugula erakundeok, elkarteok, kolektibo orok eta herritarrok, pandemia-garaian kutsatze-bideak murrizteko”, zinegotziak eta konpartsakideak adierazi dutenez. “Ardura hori eta besteekiko elkartasuna partekatzea” eskatu diete Bilboko auzokideei, “jende-pilaketak ekiditeko, euren askatasun pertsonal eta kolektiboaren jarrera gisa”. Konfiantza erakutsi dute Urtasunek eta Goieaskoetxeak bilbotarrengan, “jakin badakigulako aurretik sen ona erakutsi dutela, behin eta berriro”.

Modu berean, “festa gogoak gorabehera”, azaldu dute kalean ez ezik birtualki ere ez dela aratusterik izango: “zail ikusten genuen aratusteen balore nagusiak diren kritika sozial eta politikoari, askatasunari eta anabasari bide telematiko duina ematea, fribolitatean erori barik. Hori dela eta, ez dugu ez-Aratuste birtualik antolatuko”.

Magia, denon onerako

Urtasunek eta Goieaskoetxeak gogora ekarri dutenez, joan den urtean, etorkizuna izan zen Bilboko aratusteetako gaia, “utopiari begirako etorkizuna”. Aurten, “zoritxarrez, badirudi distopian murgilduta gaudela, non osasun-krisiarekin batera, krisialdi ekonomiko larria bizi dugun”. Egoera horretan, magia beharrezkoa dela uste dute: “magia, osasun-krisiaren olatu denak gainditzeko; magia, krisi ekonomikoan inor atzean ez uzteko; magia, itxaropen ezaren, tristeziaren, urduritasunaren eta umore txarraren olatuan surf egin eta txisteratik irribarre bat ateratzeko”.

Trikimailu errazak azaldu dituzte magia egin ahal izateko, hala nola elkartasuna eta elkar-zaintza edo “ezina ekinez egina” eta “batasunak indarra dakar” ohiko atsotitzak. Hala, “ez pentsatu magia egiteko ahalmen izugarririk behar denik, ezta ekialdeko urruneko monasterioetan edo zirku zaharretan ikasi behar denik ere. Magia trukoan dago”.

Horregatik, “sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, behetik eta goitik”, magia egitera deitu dute Bilboko Jai Batzorde Mistoko kideek: “inoiz baino gehiago osasungintza eta zerbitzu publikoak zainduz eta babestuz, lan-baldintzak defendatuz, kaltetutako kolektibo eta herritarrei lagunduz eta elkartasun sareak aurrera eramanez, besteak beste. Eta txikien eta ez hain txikien irribarreak piztu daitezke ere magiarekin, aratusteen ikur diren mozorroen bidez”.

Horregatik, norberaren esku utzi dute mozorrotzea ala ez, beti ere osasun-neurriak errespetatuta: “mozorrotu nahi duenak har dezala magiaren gaia itxaropenerako dei bezala, bere burbuila-taldean erakusteko, umeen gozamenerako eta pozteko. Mozorrotzeko motiborik ikusten ez duenak ez dezala txarto hartu auzokideen bizi-grina. Eta denok joka dezagun arduraz besteekiko”, amaitu dute agerraldia Jai Batzorde Mistoko kideek.

The post “Ardura kolektiboagatik” aurten Bilboko Aratusterik ez da izango appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara