2021-01-30 13:14

Hitza hitz, Bilboko konpartsok berbakoak gara. Horregatik, mingarria zaigu hitza eman eta bete ez dugula konturatzea: orain dela sei urte, 2015ean, Bilboko Aratuste bateratuei ekin genien berriro Bilboko Udalak eta Bilboko Konpartsok, denbora zabal batean nor bere aldetik ibili izan ondoren. Orduko aurkezpenean, Bilboko Jai Batzorde Mistoak, guk barne, honakoa adierazi zuen: “Bilboko Inauteriei buruz zabaldu diren hainbat mito ezabatzera goaz: (…) eguraldi txarrak ez du inoiz inauteriak gelditu, ezta gudek ere eta are gutxiago izurriteek!”.

Bai, “are gutxiago izurriteek!” esanda lasai geratu ginen 2015 hartan. Historia alde geneukan, 1856an, Bilbon kolera pairatu zenean, aratusteek bizitza normalera itzultzeko balio izan baitzuten. Urte batzuk beranduago ere, Guda Karlistetan, Bilbo gainean kanoikadak jaurti arren, Aratusteak ez ziren bertan behera utzi, eta jendeak dantzan eta abesten jarraitu zuen kalean.

Baina aurten ez da horrela izan, eta Aratusteak bertan behera utzi behar izan ditugu. Joan den abenduaren 18an argi eta garbi adierazi genuen jendaurrean: “ez dago osasun-baldintzarik (…) aratusteak antolatzeko, prebentzio-irizpideei eta elkar-zaintza filosofiari jarraiki”, eta proposamen hori Bilboko Jai Batzorde Mistora eraman genuen, elkarlanean jorratu eta erabakia denon artean hartzeko. Udalak urtarrilaren 13an deitu zuen Jai Batzorde Mistoan aho batez hartu zen bertan behera uzteko erabakia. Aste bi beranduago etorri da erabakia bilbotarrei azaltzea, agian alkateak spoilerra botatzeko tartea izan zezan.

Aratusteak aipatu ez ezik, jai herrikoiak, zerbitzu publikoak, lan-baldintzak eta, batez ere, osasungintza defendatzera deitu genuen abenduko agerraldian, modu argian: “ez da posible pandemiari aurre egitea, bitartean erakundeek osasungintza publikoan murrizketak egiten segitzen badute”. Izan ere, iazko martxotik gure aletxoa ipini dugu hainbat kolektibok beren eta denon alde elkartasunez egindako lanean eta mobilizazioetan. Zerrenda luzea da: Elkartasun Sareak, Deustuko anbulatorioaren dinamika bateratua, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua, Auzotarrok, Hego Euskal Herriko hiriburuetako eta Bizkaiko jai-eragileak, Kulturgintzan, Teknikariok, Irati Gurasoekin, Sare…

Bilboko konpartsok hitza ematen dugu segituko dugula erantzukizunez eta senez jokatzen, elkar zainduz eta jai herrikoiak, jai-eredu parte-hartzailea, erabakigune partekatuak, osasungintza, zerbitzu publikoak eta lan-baldintzak defendatuz. Horregatik, izango gara datorren otsailaren 6an Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzatik 12:00etan abiatuko den Deustuko anbulatorioaren aldeko manifestazioan. Denon artean lortuko dugu pairatzen ditugun Covid-19ko krisi krudela eta krisi ekonomiko larria betikook ordain ez ditzagun!

Bilboko Konpartsak

The post Aratusteak, izurriteak, jai herrikoiak eta denon aldeko konpromisoa appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara