2021-08-29 09:58


Ehunka bilbotarrek hartu dute parte gaur arrastian Bilboko Udalak “Bilboko
Irria” ekimenaren egitarauari egindako mozketak salatzeko ekitaldian.
Amaieran, konpartsen federazioak ohartarazi du Aste Nagusiaren historian, jai
herrikoi eta parte hartzaileen aurka udalak “uneoro ipintzen dituen oztopo
mugagabeak” konstante bat izan direla. Konpartsak etsaitzat hartu eta
karikaturizatzeko estrategiak, Azkunaren garaian “kalte handia” ekarri zuenak,
iraganeko kontuak izan behar dira, “ez errepikatzekoak”, konpartsen arabera.


Bilboko Areatzako kaian, kolore eta musika artean bildu dira gaur ehunka bilbotar
Bilboko Irria ekimenari babesa emateko ekitaldian; bertan egin diote aterpe
“aburtismoak” debekatutako hainbat kultur-adierazpeni. Hala, Maite Sarasola
Isazelaia eta Maddi Askaiturrieta Diaz inprobisatzaileen bidez, bertsolaritza izan da
Bilboko Irrian; Elena Caballero Villanueva, “La Basu”-k musikaren rap-doinuak ekarri
ditu; eta Bilboko dantza-taldeetako zenbait kidek elkarlanean josi dute hainbat
euskal-dantzen alardea. Horrela, erantzuna eman diote udal agintariek azken orduan
emandako artazi kolpeekin inausitako egitarau meheari, berez aurretik jada murritza
zen udalarekin adostutako egitaraua are gehiago flakatu zuena.


Bilboko Konpartsak federazioak Albert Einstein fisikaria zena parafraseatu du,
irudikatzeko unibertsoa eta giza-ergelkeria bezala, “jai herrikoi eta parte hartzaileen
aurka Bilboko Udalak uneoro ipintzen dituen oztopoak” ere “mugagabeak” direla.
Carmen Gutierrez Aira eta Haizea Larrosa Regil bozeramaileek gogorarazi dutenez,
joera hori abiatu zuen Castañares alkateak 1980an, Jai Batzorde Herrikoia eta Aste
Nagusia baztertu, eta “marra gorri denak gaindituz” “Bilboko Jaiak” izeneko ekimena
antolatzen saiatu zenean, “herritarron inolako partehartzerik gabe”.


Gaur egungo Bilboko Jai Batzorde Mistoa jaio zen herriak “Mari Castaña”-ri eman
zion erantzun hartatik, konpartsakideek gogorarazi dutenez; baina halere, ekarri dute
gogora, ordutik hona, lantzean behin, alkateek eta jai-zinegotziek antzeko ahalegin

eta keinuak egin izan dituzte. Hainbat adibide aletu dute: punkien aurkako sarekada
eta indarrezko higienea; manteroen aurkako sarekadak; txosnen debekuak;
ekimenen debekuak, elkarlana ez sustatzeko erakusketa anputatuak…


Hala, “gris koloreko azkunismoan” ere, kalera atera behar izan ziren konpartsak,
“Mari Jaia for Alkate” kanpainan, “beste amets bat partekatzera”: Jai Batzorde
mistoa benetan mistoa izango dela, konpartsa, jende-multzoak eta jarduerak ez
direla berriro ere debekatuko eta festa eta kultura egiteko aurrekontuak ez direla
urtero murriztuko.


Udal-erregimen berria


Konpartsen ustean, “pandemia-urte triste hauetan”, “azkunismoak” bidea eman dio
“aburtismo” erregimenari, debeku-ziklo berri baten bidez. Horren aurrean,
konpartsek aldarrikatu dute alkatea ez bezala, haiek ez daudela prest haserre
bizitzeko, jaia antolatu eta egiteko baizik. Horregatik, “bestelako jarrera batzuk”
eskatu dizkiete udal-agintariei, datozen 40 urteotarako: “Konpartsak etsaitzat hartu
eta karikaturizatzeko estrategiak kalte handia ekarri zuen Azkunaren garaian”, eta
horiek, konpartsen aburuz, “iraganeko kontuak izan behar dira, ez errepikatzekoak”.


Modu berean, konpartsek oroitu dute elkarlana ez dela erraza, baina 1978tik hona
horretaz asko ikasi dutela ohartarazi dute: “lantaldea osatzen dugu, askotarikoa eta
kolore anitzekoa, elkar ulertzeko gogoz eta jarduerak proposatu eta gauzatzeko
asmo sendoarekin. Amaierarik gabeko eta irabazi-asmorik gabeko lana. Gogoa
festan eta eraikuntza sozialean irabaztea da, hori da gure motibazio nagusia eta
hainbeste lan boluntarioak beti azken saldo positiboa izatearen arrazoia”. Eredu
horretan proba egiteko gonbita luzatu diote Udalari.

The post Alkateak etsaitzat hartzea iraganeko kontua beharko lukeela
diote konpartsek
appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara