2020-09-17 11:48

INTERNET ESKUBIDE

IKER GARAIALDE

Internet 1960ko hamarkadaz geroztik existitzen bada ere, azken 15 edo 20 urteetan sartu da jende askoren bizitzetan.

“Interneteko sarbidea, hirietan eta maila ekonomiko ertain eta altuenetako gizarte taldeetan zabaldu da bereziki”

Instituzio publikoengandik gardentasun handiagoa eskatzeko, informazioa eskuratzeko eta gizarte demokratikoen eraikuntzan herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzeko XXI. mendeko tresnarik indartsuena bihurtu da Internet. Areago, ezinbesteko lanabesa bilakatu da hainbat giza eskubide gauzatzen laguntzeko garaian, justizia, hezkuntza edota osasungintza bezalako oinarrizko zerbitzuak gero eta gehiago bideratzen baitira teknologia honen bitartez. Interneterako sarbidea, honenbestez, gizarte eskubide bat bihurtu da gaur egun.

2011. urtetik hona, Nazio Batuen erakundeak ere zenbait ebazpen eta txosten argitaratu ditu Internet Giza Eskubide gisa babestu beharraren inguruan eta gobernuei Interneterako konexioa herritar guztien eskura jarri zezatela eskatuz. Hala nola, 2011ko maiatzaren 16an Giza Eskubideen Kontseiluan Frank La Rue Errelatore Bereziak aurkeztutako Iritzi eta adierazpen askatasuna sustatu eta babesteari buruzko txostena (A/HRC/17/27), 2015eko martxoaren 24ean Giza Eskubideen kontseiluak argitaratutako Pribatutasunerako eskubidea aro digitalean ebazpena (A/HRC/28/L.27), edo 2016ko ekainak 27an Giza Eskubideen Kontseiluak argitaratutako Giza eskubideen sustapena, babesa eta gozamena Interneten ebazpena (A/HRC/32/L.20).

Erakunde publikoek, baina, zailtasun eta oztopo handiak dituzte Internet sarbide duin bat hedatzeko. Sistema kapitalistak, bidegabeko konkurrentziaren aurkako legeez baliatuz tokiko gobernuei Interneterako konexio publiko duin bat hedatzeko mugak bat ezartzen dizkie, ondorioz Interneterako sarbidearen merkantilizazio bat gertatu eta telekomunikazio azpiegituren hedapena enpresa pribatu transnazionalen eskuetan geratu da, beraiek erabakitzen dutelarik nor, noiz, zertarako eta zein preziotan sartzen den Internet sarera.

Honela, Interneteko sarbidea, hirietan eta maila ekonomiko ertain eta altuenetako gizarte taldeetan zabaldu da bereziki eta landa-eremuetako edota diru sarrera gutxieneko biztanleek zailtasun handiak dituzte Internet bitartez gero eta gehiago hedatzen diren zerbitzuetara iristeko, gizartearen arrakala digitala nabarmenki handituz.

Internetek ere herri baten garapen ekonomiko, sozial eta politikoa sustatu eta bere gizartearen garapena bultzatzen du bere osotasunean. Ezinezkoa da herri bat bere buruaren eta bere etorkizunaren jabe izatea oinarrizko azpiegiturak enpresa transnazionalen eskuetan baditu.

Horregatik, Euskal Herrian teknologia eta telekomunikazio burujabetzarantz bidea egin eta urratsak ematen hasi nahi badugu, ezinbestekoa dugu abiapuntu gisa zuzenean herritarron esku egongo den sare partekatu, aske, ireki eta neutral bat sortzen hastea, Euskal Herriko edozein puntutan Interneterako sarbidearen irisgarritasuna eta eskuragarritasuna bermatuko digun Euskal Herriko sare telematiko publiko komunala, alegia.

ZERTAN OINARRITZEN DA, BAINA, SARE HAU?

Ohiko telekomunikazio operadore bakoitzak bere sare propioa hedatzen duen moduan, sare partekatuak deszentralizatuak eta jabetza partekatukoak dira. Tokian tokiko Udal, gizarte eragile eta herritarrek elkarlanean eraikita eta eragile ezberdinek hedatutako sare zatiak elkar konektatuz Euskal Herri mailako sare interkonektatua izatera iritsi daitekeena.

Sare Librea dela esaten dugu, edozein herritarrek sare horretara konektatzeko eta bertan libreki parte hartzeko aukera duelako, inolako bereizketa, muga edo zentsurarik pairatu gabe.

Irekia da, aldiz, sarea nola eginda dagoen edonork jakin edo ikusi dezakeelako. Honekin, nahi duen orok sarea hedatzen parte hartu dezake eta jada eraikitako sarearekin konektatzeko aukera izatea bermatzen du.

Neutrala da sarea ez dagoelako edukiei lotuta, ez ditu baldintzatzen, eta, horrela, aske ibil daitezke; erabiltzaileek sartu eta edukiak sor ditzakete, edozein dela ere euren finantza ahalmena edo gizarte egoera. Sareari edukiak gehitzen zaizkio agerian egon daitezen, sarea hobeto kudea dadin edo edukiak gehitzeko ariketa soil modura, baina, inola ere, beste eduki batzuk ordeztu edo oztopatzeko.

The post INTERNET ESKUBIDE appeared first on BDS KOOP.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia eraldatzailea eta lekuko garapena sustatzen duen elkartea da BDS KOOP-ERALDAKETA FABRIKA, ingurumena errespetatuko duen ekintzailetza arduratsua bultzatuko duena; pertsona erdigunean jarriz, eskualdeko bizitza hobetzeko.