2021-01-07 09:42

AUZOGINTZAREN UNEA

HIRIAREN ERTZAK IKUSMIRAN

PAREAN ELKARTEA

Hiria ez da neutroa. Hiria diseinatzerako orduan, askotan oharkabean geratzen diren hamaika erabaki hartzen dira. Zerk du garrantzia autoa, eta berau erabiltzeko errepideek, ala oinezkoentzat zuzendutako espaloi eta bidegorriek? Nola kudeatzen dugu garraio publikoa? Bidaia luzeei erantzunez? Ala hirian ditugun gertuko zerbitzuetara eramango gaituen garraioa lehenetsiz? Non eraikitzen ditugu eskolak? Zer nolako argiztapena ipintzen dugu hirian ? Eta zein espazio publiko ditugu gure inguruan?

Udalerrien hirigintza antolamendua definitzea lan teknikoa da, izan ere indarrean dagoen legedia aintzat hartu behar da. Baina, zirt ala zart erabakitzen diren elementu hauek eragin zuzena dute herritarren egunerokoan. Eta hortxe dago koska: herritar guztiek ez dugu berdin jokatzen hirian eta beraz, ez dugu berdin bizi hiria.

Hirigintzak nahitaez inklusiboa behar du izan, hirian bizi garen kolektibo guztiei leku eginez eta bakoitzak dituen behar espezifikoei erantzuna emanez. Berdin haur eta nerabeak izan, adineko herritarrak izan, aniztasun funtzionala eduki ala emakumeak izan… Denak gara herritar eta denak dugu hirigintzan aintzat hartuak izateko eskubidea.

Hirigintza inklusiboa herria ikusi, aztertu eta proiektatzeko orduan begirada berri eskaintzen duen hirigintza eredua da. Ikusmira aldatu eta ikuspegiak zabaltzen dituen hirigintza eredua.

Gaur egun, seguru behar beste ez baina dezente hitz egiten da hirigintza inklusiboaz eta genero ikuspegia hirigintza ariketan txertatzearen garrantziaz. Haatik, 2010. urtean, gaia bogan ez zegoenean Irungo Bilgune Feminista Irungo puntu beltzen mapa diseinatzeko lanetan murgildu zen. Orduan, Hirigintza inklusiboa zer zen jakin gabe, emakumeek hiri eremuan duten segurtasun edo segurtasun ezaren pertzepzioari arreta jarri eta hiriko espazio publikoetan emakumeen segurtasuna bermatua ote zegoen aztertzeko ariketa egin zen.

Landetxako eta Arbes Errotako auzo elkarteen eskutik, auzoko emakumeenagana iritsi eta haiek protagonista izan ziren prozedura garatu zen. Topagune ezberdinetan puntu beltzak zer ziren eta hauek nola identifikatu ikasi ostean, martxan jarri ziren bi auzo hauetako emakumeak. Auzoko dendari txikiak, batez ere emakumeak, bidelagun hartuta emakumeei galdetegi txiki bat luzatu zieten, auzoko emakumeek inguratzen dituen espazioan izandako bizipenak parteka zitzaten. Hamarnaka eta hamarnaka emakumek emandako erantzunak sailkatu, mapan kokatu eta emakumeek auzoa nola bizi zuten ikusi ahal izan genuen ariketa honekin.

Guzti honekin, Irungo Udalaren atea jo zuen Irungo Bilgune Feministak, bi auzoetako lana erakutsi eta hiri osoko emakumeei hitza emango zion prozesu bat abiatzeko galdegin zion. Horrela jaio zen Irungo Hiri Debekatuaren Mapa. Ariketa horretan hirian barna zeuden 42 puntu beltz identifikatu ziren, poliki-poliki konpontzen joan zirenak. 2017an, berriz, mapa eguneratzeko konpromisoa hartu zuen udalak.

Karrerapeek eragiten dituzten bazterrek, tunelek ala apenas argitasunik gabeko espazioek eragiten duten ikararen jabe izan gara ariketa hauekin. Kontzienteki ala inkontzienteki, emakumeok hiriko zenbait bide saihesten ditugu eta beraz, zenbait espazio, modu batean bada ere, debekatuak ditugula esan dezakegu.

Ala baina, emakumeen iritziak biltzerako orduan irrist egiten duten maldak; egunerokoari erantzuten ez duten garraio publikoak; eskola bide aldapatsuak edota erosketa-orga, haur kotxea ala gurpildun aulkia garraiatzeko oztopoak zerrendatu zituzten emakumeek. Genero ikuspegia txertatzea beraz, emakumearen segurtasuna bermatzetik haratago doan praktika bat dela frogatuz.

Udal-plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia sartzeaz mintzo garenean beraz,   besteak beste, gizonek eta emakumeek lurraldeko baliabide eta ekipamenduetara sarbide-aukera bera izateaz ari gara.

The post HIRIGINTZA INKLUSIBOA appeared first on BDS KOOP.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia eraldatzailea eta lekuko garapena sustatzen duen elkartea da BDS KOOP-ERALDAKETA FABRIKA, ingurumena errespetatuko duen ekintzailetza arduratsua bultzatuko duena; pertsona erdigunean jarriz, eskualdeko bizitza hobetzeko.