2020-08-27 09:28

GOGOKO ALDATSAN, NEKERIK EZ

IONE F. ZABALETA

Gure amonei, belaunaldi harrotasunetik, sarri entzun diet baratza ez dela edonolako lana: “egungo gazteok, ikasi, leitu eta ordenagailuan egun osoan, ez zinatekete gai lurraren bizimodua aurrera ateratzeko”.

Agian, erantzun bezala bada ere, hemen nago ni lurra jorratzen. Gaur bereziki pentsakor.

Egunotan, jendea super-merkatu atarietan biltzen ikusi dut. Histeria puntu bat soinean. Airean, mendebaldeko jendarteetan aspaldi ahazturiko beldur bat: Jatekorik izango al dugu?

Eta ez da tontokeria. Egun, %10-era ez da ailegatzen bertan ekoiztu eta jaten duguna. Eredu agro-industrial agortu baten menpeko gara: Lurrak akitzen eta herriak desagerrarazten dituena, bio-aniztasuna akabatzen ari dena, produktiboak diren barietateen mesedetan, jendartea gaixotzen duena, Monsanto bezalako elikadura korporazio handiek beren irabaziak loditzearen truke. Anabasa.

Ilarrak biltzen nagoelarik, gero eta argiago dut: Edo jendarte bezala elikadura burujabetza eta ziurtasuna erronka kolektibo bezala hartzen dugu, edo gorriak ikusiko ditugu askok. Lurrak babestu eta lur banku publikoak osatuz, km0 filosofia txertatuz eremu guztietan, bertan ekoiztu/kontsumitu kate motzak osatuz, gure kontsumo ohiturak aldatuz. Benetan garrantzia duenari emanez lehentasuna. Amaitu dira, esaten diot nire buruari, kolore argi eta artifizioz jendea engainatzeko garaiak. Amaitu beharra dugu kapitalismo espektakulu-zalearen aroa.

Ber-ikastera behartuak gaude, bueltatzera, lurraren bizi-modura berriz gerturatzera. Ama-lurraren erritmoak gure eginez. Trantsizio honek inor atzean utzi ez dezan nahi badugu, egitasmo komunitario eta autogestionatuen bidez egin behar dugu. Elikadura burujabetza ortzi-muga estrategiko bezain premiazko bezala ezarri du pandemiak. Eta hau agro-ekologiak eta ekonomia sozial eraldatzaileak eskaintzen dizkiguten ipar-orratzei begira eraiki behar dugu. Proiektu txikiak elkartuz eta eskalan handituz, gure potentzialak askatuz. Era berean mobilizatuz, agintzen dutenei egiturazko aldaketak egitera behartuz.

Landatzen dudan porru bakoitzarekin, argiago dut hau dena.

“Gogoko aldatsan, nekerik ez” esan ohi da. Gure Aldatsa-n nekea agertzen da tarteka, baina beti asebetetze indibidual eta kolektiborekin batera. Lagunartean, zuzena dena egitearen zihurtasuna. Eta hemen gaude, Hondarribiako agro-eremutik lan kooperatibo eta horizontalez, beste mundu bat egunero bizitzen. Planifikatu eta egiten, ez amesten. Nire ustez, behar dugun trantsizioan aletxo bat jartzen. Ekonomia demokratiko eta saski bidez astero 30 familia tokiko produktu ekologikoz hornitzen. Lehen sektorea eta tokiko ekonomia egiten. Ez da nahiko baina, denoi ureztatzea dagokigun hazi horietako bat da.

The post GOGOKO ALDATSAN, NEKERIK EZ appeared first on BDS KOOP.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia eraldatzailea eta lekuko garapena sustatzen duen elkartea da BDS KOOP-ERALDAKETA FABRIKA, ingurumena errespetatuko duen ekintzailetza arduratsua bultzatuko duena; pertsona erdigunean jarriz, eskualdeko bizitza hobetzeko.