2021-04-20 09:53

EKONOMIA

GURE BIZITZETARA HURBILTZEN

IONE F. ZABALETA eta ENARA I. DOMINGUEZ (ARA!GORPUTZ ELKARTEA)

Ara!Gorputzen landu ditugun ildo nagusiak hilerokoaren kultura eta auto-kudeatutako ginekologia izan dira, baina badakigu ekonomiak hauek zeharkatzen dituela.

Hasieratik, modu esperimental eta praktikoan izan bada ere, ekonomia eraldatzaile prozesu ezberdinetan izan gara. Ekonomia Feminista Eskola dinamizatzea eskaini zigutenean beraz, beldurrei eskutik helduz, zalantzarik gabe aurrera egitea erabaki genuen.

Orain arte ikasitakoaz elikatzen dugu gure ekonomia feministaren zentzua eta hemen hainbat nondik norako azaltzen ahaleginduko gara.

Denboraren ziklikotasuna aintzat hartzea oinarrizkotzat dugu, bai gorputzetan, bai lurrean baita ekonomian ere. Eta noski, ikasketa eta eraldaketa prozesuetan. Edonola, arrazionalizazio kapitalistan hau ez da honela ulertzen eta etengabeko garapenaren ilusioa inokulatuta dugu.

ENPLEGUA ETA LANA

Lana da oinarrizko beharrizanak asetzera bideratzen den energia guztia, izan ordaindua, regulatua ala ez. Baina, enplegu mundutik at dagoen lanari, batez ere emakumeek egiten dutena, ez zaio oro har baliorik ematen. Beraz, ekonomia feministaz mintzatzen garenean enpleguaz gain, ekonomia informalean edo ekonomiatik “kanpo” dauden lanetan jartzen dugu arreta. Bizitza mantentzeko ezinbestekoa da lana, baina ze bizitza mantendu nahi dugu? Nolakoa da bizi nahi dugun bizitza?

BEHARRAK

Bizi nahi dugun bizitza definitzeko beharrizanen inguruko hausnarketa beharrezkoa dugu, bizitza mantentzeko ezinbestekoak baitira beharrizanak, beraz. Zeintzuk dira bizitzeko ditugun beharrak? Nola asetzen ditugu? Ze ondoriorekin?. Beharren inguruan hitz egiterakoan ezinbestean planteatzen zaigu pribilegioen afera, ikusi eta hauetaz arduratzea dugu erronka. Kontsumismo, plastikozko zoriontasun eta pilaketa etengabeko kultura honetan ilusiozko beharrizanak sortzen joan gara, beharren zerrenda propioa egingo al dugu?

ZAINTZA

Oinarrizko beharrizana da eta bizitza duen guztiak behar du, intentsitate eta modu ezberdinetan bada ere. Eta bizitzez ari garen heinean, zaurgarritasunaz eta eko-inter-dependentziaz ari gara. Gabezia izateaz urrun, zaintzak, oinarrizko beharrekin, eskubideekin eta ardura kolektiboarekin zerikusia dute. Baina zaintzak, egun, eremu pribatuetan ematen dira batez ere, enplegu prekarizatuetan, ekonomia informalean edo ekonomia hegemonikotik at. Noski, alor feminizatua da oraindik ere eta arrazializatutakoa. Ekonomiaren ardatz nagusia izan beharko litzateke bizitza zaintzea, eta ez merkatuak, egun gertatzen den moduan.

Mesoamericanas en Resistencia por una Vida Digna-ko kideek sortutako jakintza eta bizipen programa batetatik abiatuz, Mundubat fundazioak 2016tik aurrera Ekonomia Feminista Eskolak ahalbidetzen ditu Euskal Herrian zehar. Urrian Oiartzunen hasiko gara Ekonomia Feminista Eskolarekin. Bederatzi hilabeteko iraupena duen talde prozesua izanen da. Bertan, teoria, egunerokotasuna, errituak eta jolasak uztartuko ditugu, herri ikasketa ardatz metodologiko izanik, ekonomia feministan murgilduko gara.

Bidean pausuak emateko gogotsu gaude, taldea ia-ia egituratua dago eta soilik, Gorputzak konfiantzaz eta modu zaindu batean bertan egotea falta dugu. Berez, ekonomia egin egiten dugulako, orain aitortza eta honen errekonozimendua egiteko prest gaude. Jar ditzagun (behingoz) Bizitzak erdigunean, egin dezagun gure alde dagoen ekonomia eredu bat.

The post EKONOMIA GURE BIZITZETARA HURBILTZEN appeared first on BDS KOOP.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia eraldatzailea eta lekuko garapena sustatzen duen elkartea da BDS KOOP-ERALDAKETA FABRIKA, ingurumena errespetatuko duen ekintzailetza arduratsua bultzatuko duena; pertsona erdigunean jarriz, eskualdeko bizitza hobetzeko.