2020-07-08 09:11

Mertxe Mugika Balanzategik Berrian argitaratutako artikulua ekarri dugu hona.

Azken hilabeteetan mundua zeharo aldatu da. Beldurra ere barruraino sartu zaigu, edo sarrarazi digute. Ekonomia maldan behera, galgarik gabe, milaka langile ABEEetan murgilduta. Udazkenean udan baino okerrago egongo garela ere sarritan entzuten eta irakurtzen dugu han eta hemen.

Bestalde, une oro ekonomia ez geratzea izan da helburu nagusia. Ulergarria izan liteke, osasun neurriak ondo zehaztuta eman eta beteko zirela/direla bermatuta egonez gero; aurrera egin behar da, ados. Izan ere, ekonomia berpiztu behar dela ez dut nik zalantzan jarriko. Ongizatea, osasuna, hezkuntza, ikerkuntza... Arlo horiek guztiek aurrera egiteko eta berrikuntzak txertatzeko baliabideak behar dira. Bitartean, diru laguntza lerro handiak zabaldu/ko dira sortutako kalteei aurre egiteko. Horiek guztiak ere, behar-beharrezkoak; ez dut nik zalantzan jarriko.

Orduan, zertara dator idazki hau? Bada, anabasa honetan euskara —ongizatearekin, osasunarekin eta etorkizun bidezko eta demokratiko batekin lotura zuzena duen euskara— erabat desagertuta geratu dela salatzera. Bizi izan dugun alarma egoeran zentzuzkoa zirudien komunikatu beharrekoa arin egin behar izatea, baina kontua da berriemaileak, askotan, ez duela euskaraz komunikatzeko gaitasunik; hortaz, gure hizkuntza bigarren mailan berriro ere. Dena delakoagatik, euskarak irabazitako tokiak galdu egin dira konfinamendu garaian, eta hori ez da onargarria inondik inora.

Nola egin aurre galera horri? Askotariko moduak daude. Era batzuek baliabide ekonomikoak eskatuko dituzte, eta horiek ere garrantzitsuak izango dira, baina beste laguntza asko egon daitezke baliabideetatik aparte. Esaterako, ekonomia mugitzeko bideratuko diren programetan eta laguntza lerroetan enpresa euskalduntzeko jardunari balio gehigarria ematea laguntza horiek esleitzeko garaian, edo administrazioak bultzatzen dituen kontratazio eta lizitazio eskaintzetan erabiltzaile, kontsumitzaile eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzera bideratutako klausula sozialak ezartzea.

2008. urteko krisialdia gogoan, sarritan aipatzen zen, euskarari eman beharreko diruak murriztuta ere, zehar-lerroko erabakiak hartu behar zirela. Adibidez, oso eraginkorra eta traktorea izango litzateke banatuko diren diru laguntza horietan hizkuntzaren aldagaia txertatzea. Edota, beste adibide bat jartzeko, bertoko merkataritza sustatzearekin batera, kontsumitzaileen dekretuan jasotakoa modu eragingarrian betearazteko mekanismoak abian jartzea. Eta, neurri horiekin zein hemen aipatzen ez diren beste batzuekin batera, EAEn onartu den eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana osotasunean betetzeari ekingo balitzaio, bada, itzela litzateke euskararen alde egingo litzatekeen jauzia.

Shock egoeran egon gara/gaude eta, adituen ustetan, horrelako egoerak aprobetxatu behar dira aldaketa sozialetan eragiteko. Euskal Herriko enpresetan eta elkarteetan kudeaketa eredu berriak ezartzen ari gara, beste kultura bat zabaltzen ari da, inguruarekiko errespetuan eta pertsonengan oinarritutako balioak dituena, hain zuzen ere. Enpresa izateak berarekin dakar bestearen larruan jartzea, eta besteak dituen eskubideak eta beharrak aintzat hartzea.

Euskararen afera eskubideen eta beharren kontuan txertatzen da erabat. Herri honek erakutsi du euskaraz bizitzeko nahia, eta horrek argi adierazten du herri gogoa egon badagoela. Bestelako neurriak behar dira, ordea, herri gogo horrekin batera euskara larrialditik ateratzeko. Administrazio nagusiek badute aukera euskararen arloan eragiteko eta ez uzteko dena norbanakoen bizkar. Sektoreak diruz lagundu behar dira, haiek baitira ekonomiaren traktoreak. Baina dirulaguntzak bideratzeko orduan bi baldintza bete beharko lirateke: laguntza eskatzen duenak bere negozioari eustea eta inguruko taldeekin (bezeroak, langileak) erantzukizunez jokatzea.

Hortaz, ingurumena, genero berdintasuna edo hizkuntza berdintasuna bermatzen ez dituzten enpresa eta negozioak diru publikoz lagundu behar lirateke? Batzuek baietz esango dute. Nire erantzuna, alabaina, bestelakoa da; izan ere, nik ez dut nahi nire zergekin horrelakoak lagundu, bigarren mailan jarriko nituzke. Bada garaia arduraz jarduteko, hartuko diren neurriek osasuna, ongizatea eta etorkizun on bat berma dezaten eskatzeko. Eta neurri horien artean, euskara bete- betean sartzen da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.