2019-04-03 00:00

Librezalek martxan jarri duen Common Voice proiektuak teknologietan euskaraz aritzeko ahotsak biltzea du helburu. Milaka euskaldunen laguntza behar dute auzolan digital honetarako: datozen hilabeteetan euskarazko ahotsez osatutako 10.000 ordu grabatu nahi dituzte. Parte hartzeko Interneteko nabigatzaile bat eskura izatea nahikoa da.

Lagundu nahi?

Lagundu nahi baduzu, egin ondokoa:

  1. https://voice.mozilla.org/eu ireki nabigatzaile batekin.
  2. “Hitz egin” aukera sakatu.
  3. Irakurri ozen agertzen zaizkizun esaldiak, jarraibideei jarraituz.

Maratoiak herriz herri

Ahotsak grabatzeko maratoiak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Lehenengoa, apirilaren 9an 18:00etatik 20:00etara Hirikilabs-en, Donostiako Tabakaleran. Prozedura argi eta garbi azalduko diete bertaratzen diren guztiei.

Zertarako behar dira, bada, euskarazko hainbeste grabaketa? Gure gailuak euskara ulertzeko gai izan daitezen: sakelako telefonoek, ordenagailuek, telebistek, laguntzaileek… Gure gailuei gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez egin beharrean, euskaraz egiteko aukera izan dezagun.

Informazio gehiago duzue Librezaleren webgunean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.