2018-12-12 00:00

Iñigo Larrea - Talentuaren Kudeaketarako arduraduna MONDRAGON Taldean

Talentua kooperatibetara erakartzea dute helburuetako bat MONDRAGON Taldean eta horretan dihardu Iñigo Larreak.  Talentua erakartzeko dituzten estrategiak eta langile profil berriek dituzten beharrak eta eskakizunak definitu dizkigu Larreak.

 

Talentuaren kudeaketaren estrategiak sekulako garrantzia du gaurko erakunde, korporazio eta enpresetan. Zergatik?

Bi aldaketa nagusi ditugu gainean. Alde batetik, aldaketa demografikoaren erronka dugu. 2040an lan merkatura sartuko direnak jaio dira dagoeneko eta badakigu gutxiago direla. Horrez gain, urte gutxi barru langile zahar asko izango dugu.

Bigarren aldaketa, digitalizazioarena da. Sektore guztietan eraldaketa handiak ekarriko ditu, lanpostu asko eraldatuz, beste batzuk desagertaraziz eta berriak sortuz.

MONDRAGONek arlo honetan pauso garrantzitsuak eman ditu azken bi urteotan. Zein estrategia jarraitu duzue?

Hiru estrategia jarraitu ditugu. Lehenengoa, talentua kooperatibetara erakartzea da. Orain arte gure kooperatibek ez dute ahalegin berezirik egin jendea erakartzeko, ez delako beharrik izan. Baina, orain, talentu eskasiaren aurrean, gu zer garen azaldu behar dugu talentu hori erakartzeko. Mondragon People proiektua dugu martxan horretarako. Bigarren estrategia da MONDRAGONen ekosistema indartu eta horri abiadura handiagoa ematea.

Gertutasuna garatu nahi dugu unibertsitatearen, zentro teknologikoen eta kooperatiben artean. Guztien arteko erlazioak estutu nahi ditugu, ikasketa dualaren ikuspuntutik, gure langileei ikasteko eta lan egiteko aukera eskainiz. Hirugarren estrategia da kooperatibei laguntzea eraldaketa horri aurre egiteko. Planifikazio estrategikoko prozesu bat dugu martxan etorkizunean zein langile profil izango dugun jakiteko eta desorekak orekatzeari bideraturiko ekintzak martxan jartzeko.

Talentuari zer eskaini diezaioke MONDRAGONek?

Gure proiektuetan pertsona dago erdigunean. Autonomia handia ematen diegu pertsonei eta benetan garatu daitekeen leku bat eskaintzen dugu, ardurak eta erabakiak hartzeko aukerarekin. Bestetik, gure ekosistema dago. Puntako teknologian lan egiten duten enpresetan lan egitea eskaintzen dugu eta enpresa horiek gainera teknologia zentroekin, unibertsitateekin eta beste hainbat agenterekin kolaboratzen dute.

Horrez gain, aniztasuna dugu talde barruan eta oso esperientzia ezberdinak eskain ditzakegu. Azkenik, guretzat garrantzitsua da gure erabakitzeko zentro guztiak hemen egotea.

Aldatu da langile perfilaren paradigma. Nolako langileak beharko dira?

Ezagutza teknikoez gain, erlazioak landuko dituzten pertsonak behar dira. Geroz eta harreman horizontalagoak ditugu bezeroekin, hornitzaileekin eta kanpoko filialekin, eta horiekin zein lantaldean aritzeko erlazioetan iaioak diren langileak beharko ditugu. Horrez gain, azkar ikasteko gogoa eta gaitasuna beharko da geroz eta gehiago.

Langileek zer eskatzen dute?

Profil teknikoa duten langileek teknologiarekin lan egin nahi dute. Egunero ikasi nahi dute, zaharkitu gabe. Autonomia ere izan nahi dute erronkei aurre egiteko eta beren kasa pentsatzeko. Bestetik, gaur egun arrakasta ez dago diruan edo estatusean, lanari zentzua bilatzea ere bada arrakasta langile berrientzat.

Hurrengo urteotan non egon nahi du MONDRAGONek arlo horretan?

Langileek eskatzen dituzten baloreekin bat dator MONDRAGON Taldea: autonomia, konektatuta lan egitea, lanari zentzua ematea... Proiektu ezberdina eta autentikoa eskaini dezakegu eta hori benetan aitortua izatea nahiko genuke, bai talde barruan eta baita kanpoan ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.