2019-02-22 11:26

Bizkaian ere Bai Euskarariren komunitatea sendotzen jarraitzen dugu. Oraingoan Bilbotik eta Leioatik datozkigu berri onak, hezkuntzarekin zer ikusia duten bi entitatek euskaraz lan egiteko bidean pauso garrantzitsuak eman baitituzte. Bilboko Mikeldi Ikasketa Zentroak 'Euskararen bidean' ziurtagiria eskuratu du eta Leioako Betiko Ikastolak, berriz, maila goreneko ziurtagiria eskuratu du: 'Zerbitzua eta Lana euskaraz'. Zorionak eta ongi etorri!

Mikeldi Ikasketa Zentroa

Bilboko Autonomia kalean kokatuta dago Mikeldi Ikasketa Zentroa. Goi eta erdi mailako prestakuntza zikloak eskaintzen dituzte:

  • Sareko Informatika Sistemen Administrazioa
  • Administrazioa eta finantzak
  • Jarduera Fisikoaren eta Kirolen Animazioa (T.A.F.A.D.)
  • Kudeaketa laguntza
  • Nazioarteko Merkataritza
  • Salmenten Kudeaketa eta Espazio Komertzialak
  • Mikroordenagailu sistemak eta sareak

Ziklo horiez gain, enplegurako prestakuntza ere eskaintzen dute, langileei etengabeko prestakuntza eskainiz.

Euskara lan munduan garatzeko urratsak egiten hasi dira Bai Euskararirekin elkarlanean. Hala, Bai Euskarari Ziurtagiriaren 'Bidean' maila eskuratu dute berriki. Zorionak!

Betiko Ikastola

Leioan dago Betiko Ikastola eta 0tik 16 urtera arteko hezkuntza proiektua eskaintzen du, batez ere Leioa, Getxo (Erromo) eta Erandio Udalerrietara zuzendua. Urtez urte Betiko Ikastola bi lerroko zentroa bihurtzen ari da, gaur egun 500 ikasle inguru duelarik.

Betiko Ikastolaren eredua ez da bakarrik ohiko ikasgaiak euskaraz irakastea, zerbait gehiago ere bada. Ikasleak prestakuntza euskaldunean hezi nahi dituzte: euskara ongi menderatuz, euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta indartzearekin konprometituz eta Euskal Herriaren lurralde-errealitatearekiko zein errealitate historiko, sozial, ekonomiko eta kulturalarekiko partaide bihurtuz.
 
Ikastolaren barnean zein bertatik kanpo euskara eta euskal kultura sustatzeko apustu garrantzitsua egiten dute: adibidez, esku-pilota, bertsolaritza, euskal dantzak, euskal jaiak eta abar antolatuz. Era berean, azpimarratu beharrekoa da Leioa eta eskualdeko euskararen aldeko gizarte-ekimen guztiekin elkarlanean aritzen direla.
 
Bai Euskarariren maila goreneko ziurtagiria eskuratu berri du Betiko Ikastolak: 'Zerbitzua eta lana euskaraz'. Zerbitzua euskaraz emateaz gain, ikastola barruan ere euskaraz lan egiten dutela baieztatzen du ziurtagiri horrek. Zorionak!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.