2025-10-28 08:34

Bai Euskarari Elkarteak, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 'Lazarraga Sariak Eredu' topaketa antolatu du datorren azaroaren 28rako. Ekimenaren helburua da 2024an Lazarraga Saria jaso zuten hiru entitateen esperientzia eta praktika onak gertutik ezagutzea, euskararen presentzia arlo sozioekonomikoan sustatzeko eredu gisa.

EMAN IZENA 

Goizeko 10:00etan hasiko da jardunaldia, Laudioko Grafik Sarea enpresaren egoitzan. Bertatik, parte-hartzaileek 2024ko hiru saridunak bisitatuko dituzte: Grafik Sarea bera, Sartu Álava eta Hyundai Eska. Hiru entitateek euren instalazioak eta lan-giroa erakutsiko dituzte.

Bisita sortaren ostean, topaketako azken geltokia Aiaraldea Ekintzen Faktoria izango da. Bertan, hamaiketakoa eta aurkezpen ezberdinak egingo dira 2024an Lazarraga Saria jaso zuten entitateen eskutik: Grafik Sarea, Sartu Alava, Hyundai Eska, Elkar eta Jimmy Jazz.

Aurkezpenetan, bost entitate saridunetako ordezkariek urte hauetan euskara beren egunerokoan txertatzeko eman dituzten aurrerapausoak, izandako erronkak eta lortutako praktika onak zabalduko dituzte gainerako parte-hartzaileen aurrean. 

Esperientziak partekatzeko eta beste eragile batzuk inspiratzeko gune bat izango da. Etorri nahi baduzu, eman izena hemen:

EMAN IZENA 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.