Aspaldi dakigu Araba jada ez dela Euskal Herriko zazpigarren alaba. Euskarari dagokionez, gure lurraldean aurrerapauso nabarmenak eman dira eta ematen jarraitzen dugu. Artikulu honetan enpresan eta lan munduan jarri nahi dugu fokua.
Gaur gaurkoz, Arabarren erdia baino gehiagok euskaraz ulertzeko gaitasuna du, %51,68k, eta 35 urtez beherakoen kopurua askoz handiagoa da, %85,68. Datu horiek Arabako Foru Aldundiak argitaratu duen Euskararen Ulermen Mapa Araban dokumentutik hartuta daude. Horrekin esan nahi dut, ziurtasunez, bi elkarrizketatik batean euskaraz egiteko aukera dugula eta ia gazte guztiekin harremandu gaitezkeela euskaraz.
Aldaketa hori poliki-poliki lan mundura hedatzen ari da, baina ondo dakigu ez dela erraza inertziak apurtzea eta aldatzea. Horretarako esfortzua egin behar da: batzuetan errazagoa izaten da eta, beste batzuetan, ez hainbeste. Esfortzu hori txikiagoa izatea lortzen da komunitate izaera indartuz, tresna eraginkorrak diseinatuz, hedatuz eta erabiliz. Hemen hainbat aurkeztuko dizkizuet:
2020an martxan jarri zen Arabako Enpresen Foroa da horietako bat, bost urteko ibilbidea duen praktika komunitatea. Bertan, hainbat enpresatako ordezkariak biltzen dira, eman dituzten aurrerapauso eta praktika onak partekatzeko. Gainera, sortu zaizkien arazoei nola aurre egin aztertzen dute, eta besteen ereduak hartuta haien enpresetan dauden erronkak modu errazago batean landu ditzakete.
Bi urtetik behin, Lazarraga Sariak banatzen dira, helburu izanik Arabako alor sozioekonomikoan euskara txertatzeko eta hedatzeko egin duten ahaleginagatik bost erakunde saritzea. Jada Arabako 40 enpresa, entitate eta norbanako saritu dira.
Lazarraga Sariak banatzen ez diren urtean, aurreko urteko sarituen praktika onak ezagutarazteko Lazarraga Sariak Eredu proiektua ere martxan dago. Hala, azaro amaieran Laudion bisitatuko dira 2024an sarituak izan ziren hiru erakunde eta aukera izango dute euskara gehiago erabiltzeko eman dituzten urratsak zein diren azaltzeko.
Aipatzekoa da ere aurten 25 urte bete dituen Bai Euskarari Ziurtagiriak Araban izan duen hedapena, momentu honetan 177 entitate baitaude Arabako Euskararen Mapan. Horietako batzuk 25 urte daramatzate Bai Euskarari Elkartearen komunitatean, baina urtero erakunde berriak batzen dira. Ezin dugu ahaztu hainbat udalek egin duten ahalegina mapa elikatzen eta entitate berriak erakartzen. Kasuan kasu, Laudio, Amurrio zein Gasteizko Udala.
Lanabes proiektuak ere berebiziko garrantzia du Arabako alor sozioekonomikoan, euskarari dagokionez aurrera urratsak emateko tresna bilakatu baita. Izan ere, enpresa handiek hizkuntza aholkularitza zerbitzua jaso dezakete Euskuara ekimenari esker (Lanabes proiektuaren baitan sortutakoa).
Azkenik, www.lansarean.eus lan atariari esker Arabako gazteek lana euskaraz bilatzeko aukera izan dute. Arabako ikastetxe, unibertsitate eta enplegu azoketan aurkeztu izan da. Laster, sindikatuekin batera, lan eskaintza publikoak euskaraz egiten laguntzeko tresna izan daitekeela zabalduko da.
Araba txikia eta erdalduna dela uste duten horiei guztiei esan behar zaie, poliki-poliki, eta perspektiba galdu gabe, proiektu eta ekintza ugari burutu direla euskarak bere lekua izan dezan. Lan munduan ere posible da eta egiten ari gara Alavatik Arabarako saltoa!



Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta