2019-12-04 12:08

Euskarak lan arloan duen egoeraz erreportajea egin du Jone Olabarriak Goiena aldizkarian. Bai Euskarari Elkartearen eta Emun-en iritziak jaso ditu bertan. Hemen irakur dezakezue:

Lan arloko harremanak euskalduntzea helburu

"Aurrerapausoak" eman diren arren, euskaraz jarduteko "zailtasunak" daude eremu askotan; are gehiago, arlo profesionalean. Lan mundu euskalduna eraikitze aldera, belaunaldi berriak, administrazioa eta herritarren eragite gaitasuna dira "gakoa".

Gero eta gehiago dira euskaraz lan egin nahi duten enpresa eta profesionalak, eta lan horretan zeresan handia dute Bai Euskarari Elkarteak eta Emun aholkularitza zerbitzuak. Biek ala biek "lan munduaren euskalduntzean eragiteko" lana dute. Proiektu ugari garatu dituzte lan horretan; Enpresarean proiektua edota Euskaragileak enpresa batzordea, esaterako. Azken hauek, euskaragile direnek, Bai Euskarari Elkartearen eskutik enpresa munduan euskara sustatu eta eredu izan nahi dute. Egun bailarako hainbat enpresak osatzen dute batzorde hori ere: Danobatgroup, Elay, Fagor, Goizper Group, Mondragon Korporazioa eta Mondragon Unibertsitatea.

Euskaragile horietako batzuekin lan egiten du Emun aholkularitza zerbitzuak, baita administrazioarekin ere. Lan mundua euskalduntzeko kooperatiba moduan sortu zen eta bereziki euskara planekin lan egiten dute; hau da, langileak euskaraz lan egiteko prestatu eta motibatzea helburu duten prozesu planifikatuak, erakundean euskararen erabilera indartu eta normalizatzeko asmoz, ahoz zein idatziz, barne eta kanpo harremanetan.

Zailtasunei aurre eginez

Aitortu dutenez, azken urteetan "lan izugarria" egin dute enpresa batzuek euskarari dagokionez, baina "beste alde batera begira" jardun dute askok. Diotenez, inguru hurbilean, enpresa gehienek badute euskara plana, baina Euskal Herriari erreparatuta enpresen %1 baino ez da euskara plana daukana.

"Inguruko enpresa gehienek badute euskara plana, baina Euskal Herriari erreparatuta enpresen %1 baino ez da euskara plana daukana"

Azken urteetan "asko" egin bada ere, "lan handia" dago oraindik ere egiteko Bai Euskarari-ren ustez, baita "espazio ugari irabazteko. Datuek erakusten dute ahoz zein idatziz euskaraz jarduteko zailtasunak daudela, eremu eta maila guztietan, mota guztietako zerbitzu eta jardueretan, baita lan esparruan eta kontsumo harremanetan ere".

Enpresa "iraunkorrak"

Euskarari balioa ematen dion enpresaren profilaz galdetuta, Emunetik konpromisoa jarri dute oinarrian: "Orokorrean, tokiko gizartearen eta pertsonen garapenari garrantzia ematen dioten enpresak dira. Normalean, euskara plana daukan enpresak badauka ingurugiroarekiko konpromiso bat ere, edo genero berdintasun gaietan ibilbide bat, bertako pertsonen garapenarekiko inplikazio berezi bat. Enpresa iraunkorrak deitzen diegu, aurrera begira dauden enpresa motak dira".

Aldaketa garaia

Denak bat etorri dira, "gero eta enpresa gehiago" ari dira euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen: "Aldaketak ari dira gertatzen, eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak".

Testuinguru honetan, "administrazioaren esku-hartzea eta herritarren eragite gaitasuna" azpimarratu dituzte Bai Euskarari Elkarterik gako modura: "Denok erabiltzen eta kudeatzen ditugu hizkuntzak gure egunerokoan, eta hori modu batera edo bestera egiteak guztiok bihurtzen gaitu norabide bateko edo besteko eragile".

Emunetik azaldu dutenez, "izugarrizko papera" jokatu dezakete erakunde publikoek, baina ezer baino lehen "eredu" izan beharko lirateke, eta gizarteak arlo honetan egindako lana nabarmendu nahi izan dute: "Euskal gizarteak erakutsi du herri aktibazioaren gaitasuna zenbatekoa den. Herri mugimenduaren ardura da herria aktibo mantentzea, baina gobernu batek bere herritarren eskubideak bermatzeko ardura ere badu".

Etorkizuneko erronkak

"Euskara ezagutzen eta erabiltzen duten belaunaldi berriek ere lan jarduera euskaraz garatzea ahalbidetu behar dugu"

"Ekintzen garaia" datorrela azaldu dute, "neurriak hartzekoa eta urratsak egitekoa". Era berean, belaunaldi berrien erantzukizuna azpimarratu du Bai Euskararik: "Lan munduan pausoak ematea da euskarak orain duen erronka nagusia, euskara ezagutzen eta erabiltzen duten belaunaldi berriek ere lanjarduera euskaraz garatzea ahalbidetu behar da, eta, horretarako, adostasun sozio-politikoa behar da".

Emunetik ere bat datoz, eta argi dute egun dagoena lortzeko lan handia egin dela: "Akatsa litzateke pentsatzea gizartean euskararen ezagutza areagotu ahala arlo sozioekonomikoa euskaldunduko dela. Ezagutzak berak ez dakar automatikoki erabilera, hizkuntza minorizatuen kasuan are gutxiago. Euskaraz lan egin nahi duenak inoizko aukerarik onenak ditu, baina oraindik asko planifikatu eta kudeatu behar da. Lan handia dago egiteko"

Fagor Arrasateren kasua; 20 urte euskara lantzen

Euskararen normalizazio plana abian jarri zuten orain dela 20 urte eta "enpresako beste helburuak bezala" kudeatzen dute Fagor Arrasaten, euskaraz lan egiteko aukera bermatzeko asmoz. Erika Mendibil Euskara Koordinatzaileak azaldu duenez, Euskara Batzordetik ezagutza eta erabilera areagotzeko "etengabeko" lana egiten da, "euskara eskoletatik hasi eta gaur egungo kontratazioetako euskara eskakizunetara iritsi arte".

Fagor Arrasateko langileak, 20 urte euskaraz leloarekin.

Erabilerari dagokionez, martxan jarri izan dituzten ekimenei esker ahozko erabilerak gora egin du: "Azken sei urteetan %36tik %49ra pasa da euskararen erabilera gurean. Euskarak familian, eskolan, unibertsitatean... duen erabilerak segida bat izan behar du lan munduan ere. Fagor Arrasatera datorren langile batek euskaraz egin dezake bere lana osorik".

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.