2021-07-05 09:05

Duela lau urte eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria Arrasateko Athlon kooperatibak. Ohitura osasungarriak sustatzeko lanean dihardute sortu zirenetik eta dituzten proiektu ezberdinetan euskarazko zerbitzua bermatzen dute.

Bai Euskarari Saria jasoko duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?

Guretzako gauza oso pozgarria da eta harro sentiarazten gaitu. Euskaraz bizi gara gure inguruan, zerbitzua euskaraz eskaintzen dugu eta lan ere euskaraz egiten dugu; kooperatiba euskalduna gara. Bai Euskarari Ziurtagiria orain dela lau urte lortu genuen eta hain ibilbide motzean saria guri emateak harro sentiarazten gaitu. Gure lana beste batzuei zerbitzua eskaintzea izan da betidanik, beste batzuen aterkipean egon da gure izena.  Baina gero eta handiagoak gara eta sari honek ikusgarritasun handiagoa ematen digu. Oso pozik gaude.

Nola daramazue urtebete hau, pandemia dela-eta?

Urtebete luzea izan da. Gure zerbitzu gehienak eten egin ziren martxoan: Eskola Kirola, kiroldegiak itxita, Bizkar Klinikak itxita, Kirol-medikuntza, enpresa askotako lana ere etenda... Guretzat oso momentu gogorra izan zen eta jende askori aplikatu behar izan genion Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE). Inor kalera ez botatzea izan zen gure filosofia eta zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Gure lana moldatu nahi izan genuen bezeroek ikus zezaten hor geundela. Eskaintzen dugun zerbitzua osasuna eta jarduera fisikoan dagoenez oinarrituta, zerbitzu hori online eskaini genien bezeroei. Ariketak zelan egin azaltzen zuten bideo asko egin genituen bezeroenzat. Bizkar Klinikako bezeroak ezin zirenez etorri, gure fisioterapeutekin telefonoz izan zuten hartuemana eta pertsonalizatu egin zen.

Aktibitatea hasi zitekeela esan zutenean guztia ahalik eta azkarren zabaltzea izan zen gure helburua. Kasu batzuetan ez zen posible izan; kiroldegietan, adibidez. Covid protokoloak, aforo mugatuak, garbiketa… horiek guztiak antolatu genituen eta zerbitzua eskaintzen hasi ginen. Dena dela, jende asko beldur zen eta momentu hartan ez zuten zerbitzuarekin jarraitzerik nahi izan.

Orain, txertoarekin, hasi gara mugimendua igartzen Kirol Medikuntzan eta Bizkar Kliniketan. Jendea lasaiago dago eta zerbait egin nahi du. Enpresei zuzendutako zerbitzuak berriztuta, ilusioz hasi gara martxan.

Ez dugu inor bota eta hori garaipen bat da; lan-taldea indartzeko balio izan digu urtebete honek.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue ATHLONen?

Hiru negozio-lerro ditugu: osasuna, formakuntza eta kirol instalazioen kudeaketa. Osasunaren barruan zerbitzu hauek ditugu: Kirol-medikuntza (esfortzu-frogak, mediku-azterketak, lesioen trataera, kirolarien entrenamenduen planifikazioa); Bizkar Klinikak; eta Enpresa Osasungarria, ergonomia eta osasun programak inplantatzen ditugu bertan. Formakuntza barruan eskaintzen dugu: Eskola Kirola (Leintz eskola kirola) eta Gasteizen 12 ikastetxeetan; Unibertsitate Kirola, MUko fakultate guztietan; formakuntza arautua Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza graduetan eta Arizmendi Ikastolako Heziketa Zikloetan; gorputz hezkuntzako eskolak ematen ditugu Arizmendi Ikastolako DBH eta Batxilergoan; eta, azkenik, osasun eta kirol arloko proiektuak garatzeko aholkularitza eskaintzen diegu entitate publikoei.

Kirol Instalazioen Kudeaketan kiroldegiak kudeatzen ditugu; Kataluniako Sintagmia enpresarekin batera sortu dugu Athlon Sintagmia S.L. enpresa kiroldegiak kudeatzeko.

Athlon 75 bat pertsonok osatzen dugu.

Pandemiak ekarri dituen ohitura berriekin ere aldatu behar izan duzue eskaintza?

Pandemia hasi zenean konturatu ginen etxetik online lan egiteko prest geundela. Zerbitzari batekin egiten dugu lan eta Athloneko guztiek dute ordenagailu eramangarria, zerbitzarira VPN bidezko sarbidea eta telefonoa. Eskerrak bulego birtuala jada sortuta genuela.

Gauza asko ezin ziren egin, baina ahal genuen guztia egin genuen. Kiroldegietarako, adibidez, webgune bat osatu genuen ariketa ezberdinekin.

Etxean sartuta egon garen honetan garrantzi handia hartu du bizitza aktiboa izateak. Arlo horretan aldaketarik sumatu duzue? Zuengana jende gehiago dator?

Ikusten dugu joera hori badagoela eta jendea hasi dela kirola egiten, baina kiroldegietara ez da etortzen lehen baino jende gehiago, beldurra dago oraindik. Jendea kanpoan hasi da kirola egiten, aire librean. Eskola kirola bertan behera gelditu zenean ere hori bera sustatu genuen familentzat sortutako erronkekin. Kirol medikuntzara zetozen asko kirol-probetan parte hartzen zuten kirolariak ziren, baina horiek ere etenda daude orain. Esperantza dugu irailetik aurrera aldatuko dela guztia.

Nola sustatzen da ohitura osasungarriei dagokienez kultura prebentiboa eta proaktiboa? Oker ez banago, enpresetan ohitura osasungarriak lantzeko metodologia duzue.

Athlonen helburua da jendearen bizi kalitatea hobetzen laguntzea. Adin txikikoekin hasi eta zahartzarora arte egiten dugu lan. Enpresetan enpresak berak ikusten du gabezia hori dagoela eta langileek zerbaiten beharra dutela. Formazioa ematen diegu arlo ezberdinetan: osasuna, elikadura eta jarduera fisikoa.  

Neska-mutikoen ohitura osasuntsuak sustatzeko lanean diharduzue. Nola?

Athlonen sorreratik umeengan ohitura osasuntsuak sustatzea izan da gure erronka nagusietako bat eta horretan dihardugu. Datorren ikasturteari begira sustapen hau era sistematikoan eta neurtuta egiteko asmoa daukagu. Umeek ohitura osasungarriak har ditzaten eskolan, astean Heziketa Fisikoko bi ordu izatea ez da nahikoa, txikitatik kontzientzia hartzeko lanean gabiltza.

Norbere eta gizartearen ohiturak aldatzea oso zaila da, gure ahalmenaren arabera, gizarte osasungarriaren kultura transmititzen saiatzen gara egunero.

Bizkar Klinikak dituzuela esan duzu lehen. Zer dira Bizkar Klinikak?

Bizkarreko mina kentzeko bizkarreko makina batzuen bidez  erabiltzen dugun metodologian datza. Finlandiatik ekarritako metodologia bat da, emaitza oso onak ematen zituela ikusi genuen eta apustua egin genuen. Aretxabaletako Ibarra kiroldegian jarri genuen lehenengoa eta Donostian eta Gasteizen ditugu beste bi klinika. Makina berezi horietan egiten diren ariketekin indarra eta mugimendua lantzen dira. Fisioterapeuta batek laguntzen du horretan. Enpresetan ere hasi gara Bizkar Klinika txikiak jartzen (mini-klinikak); Goizperren, Coprecin eta Eroskin jarri ditugu mini-klinikak.

Etorkizunera begira, zein proiektu-helburu dituzue?

Mini-klinika horiek bultzatzea da proiektuetako bat; orain dela pare bat hilabete hasi gara horretan. Emaitzak oso onak direla ikusi dugu eta ilusio handia dugu.

Gazteekin kirolean euskara bultzatzeko ekimenak egin izan dira. Nola bultzatu daiteke gazteen artean euskara?

Eskola Kirolean bertan ere euskara bultzatzen dugu; begiraleek, adibidez, euskaraz jakin behar dute, euskaraz egin behar dute saioetan eta euskararen erabilera sustatzeko formakuntza egiten dute, udaletako Euskara sailarekin elkarlanean.

Bai Euskarari Ziurtagiria duzue 2017tik eta zerbitzua euskaraz eskaintzen duzue. Zein arrazoi emango zenuke ziurtagiria eskuratzeko?

Barrura begira, langileen motibaziorako baliagarria izan zaigu Bai Euskarari Ziurtagiria. Kanpora begira, berriz, lehiakorrago egiten gaitu, euskara ziurtagiririk gabe ezin baitugu lehiaketa publikoetan parte hartu.


#BaiEuskarariSariak2021 ekitaldian egindako elkarrizketa:

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.