2026-02-26 14:59

Gaur goizean egin da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko. Bai Euskarari Elkarteak eskaini du zerbitzu teknikoa.

2026ko lehen foro honek Kanpo Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa, eta enpresek bezeroekin zein gizartearekin duten harremanean euskarak duen balio estrategikoa aztertu dute.

Esperientzia praktikoak eta autoebaluazioa

Goizeko 09:15ean hasi da topaketa harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarreraren ondoren, Puntu EUS Fundazioak hartu du hitza, erakundeen webguneak euskaraz izateak dakarren garrantzia eta eskaintzen dituen aukera digitalak azaltzeko. .EUS domeinua eta euskara Interneten erabiltzeko zalantzak uxatzeko deia egin du. Horrez gain, fundazioak dituen hainbat zerbitzu aurkeztu ditu, tartean Gandik.eus ekimen berritzailea: merkatariak eta ikasleak harremanetan jartzen ditu webguneak sortzeko.

Jarraian, bertaratutako enpresek dinamika praktiko batean parte hartu dute: beren kanpo-komunikazioaren autoebaluazioa egin dute, gaur egungo egoera neurtu eta hobekuntza-eremuak identifikatzeko asmoz. Kanpo komunikazioa elebitan egiten dute enpresa gehienek, nahiz eta arloaren arabera zenbaitetan gaztelania hutsean ere egin behar izaten duten. Enpresetako zuzendaritzaren inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu dute eta, bestetik, administraziori dei egin diete zenbait partaidek, lizitazioetan euskara kontuan gehiago hartu dezan.

Saioak, gainera, eredu errealak ezagutzeko aukera eman du; izan ere, Konfekoop-ek bere esperientzia propioa azaldu du, enpresen kanpo-komunikazioan euskara txertatzeko praktika egokien adibide gisa.

Topaketa amaitzeko, eta azken balorazioa egin aurretik, Bai Euskarari Elkarteko Maddi Iregi aholkulariak euskarazko lan-praktiken maparen azalpena eman die parte-hartzaileei, hizkuntza lan-ingurunean modu eraginkorrean integratzeko baliabideak eskainiz.

Ikusi praktiken mapa.

Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat

2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.

Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako lehena izan da. Maiatzaren 20an izango da hurrengo saioa eta bertan enpresen Barne Komunikazioa izango da ardatz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...