2019-01-31 00:00

Irrien Lagunak klubetik, Garazi Urrusolo eta Nerea Gartzia izan ditugu Enpresarean TB kanalean. Bikoteak zuzenekoa eskaini digu eta bertan Irrien Lagunak proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkigute.

Irrien Lagunak proiektu hezitzailea dela nabarmendu dute, "Irria aldizkariaren inguruan eta bi helburu nagusi dituena: euskararen indartze eta normalkuntza; eta haurrak balore aurrerakoietan heztea."

Haur sortzaile eta zoriontsuak hezi nahi dituzte, eta horretarako tresnak eman beraien hezkuntza prozesuan bidelagun diren norbanako eta eragile guztiei.

Baloreak

Hauek dira lantzen dituzten baloreak:

  • Aniztasuna.

  • Berdintasuna.

  • Euskara.

  • Euskalduna.

  • Ekologia.

Pertsonaien mundu berria

Aipatutako helburu eta baloreak transmititzeko, hainbat pertsonaiaz eta hauek sortzen duten mundu sinbolikoaz baliatzen dira. Horretarako, Irrien Lagunak pertsonaien unibertsoa osatu dute:

  • Marikalanbre. Neska bizkorra da, zipriztina. Zientzia zale amorratua.

  • Martinbertso. Mutil gazte, ireki eta zirikatzailea da. Sormena atsegin du bere alor eta edertasun guztian.

  • Largabista. Basozaina da, natura-zale amorratua. Gizon jakintsua da, naturaren sekretuak ezagutzen dituena.

  • Tiritatxo. Pediatra goxoa da, beti mina duenari laguntzeko prest dagoena. Aholku osasuntsuak konpartitzea maite du.

  • Ane Pirata eta Patakon. Biek mundu bat osatzen dute, elkartasunaren mundua. Gainontzekoekiko konplizitatea bilatzen dute, desberdintasunen inklusioa.

Ikuskizunak

Irrien Lagunak-en pertsonaiak gizarteratu eta proiektuaren helburuak plazaratzeko hainbat ikuskizun dituzte martxan, "heziketari buruz hitz egitean, aisialdian eragitea ezinbestekoa" dela uste baitute.

'Irria' aldizkaria

Egungo errealitatetik abiatuta, haurrei eredu berriak eskaintzea da aldizkariaren helburua. Horregatik, eduki propioak islatzen dituzte bertan hilero. Euskaratik eta euskaraz.

Irrien Lagunak proiektuaren inguruko informazio gehiago behar izanez gero,  bisitatu www.irrienlagunak.eus webgunea.


Irrien Lagunak-ek Bai Euskarari Ziurtagiria (Zerbitzua eta Lana euskaraz) dauka. Haur euskaldunak heztea da beraien helburuetako bat eta, bide horretan, euskaraz zerbitzua eskaini eta euskaraz lan egiten dute. Euskaratik eta euskaraz eragiteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.