2019-04-01 00:00

Jose Ignacio Hernández AEG Ikastetxeko zuzendaria izan genuen joan den ostiralean Enpresarean TB kanalean. 30 urte baino gehiagoko esperientzia duen Lanbide Heziketako eskola da Donostiako AEG. Azken urteotan berrikuntzarako pauso handiak eman dituzte: metodologia berriak barneratu dituzte, hizkuntza plana garatzen ari dira, ekintzailetasun programa abian dute eta ikasketetan eskaintza duala eskaintzen dute, besteak beste.

AEGB Ikastetxeak Bai Euskarari ziurtagiria du, 'Euskararen bidean' maila, hain zuzen ere.

Ehun birziklatuen ikerketa

EAE mailan 'Patroigintza eta moda' eta 'Neurrirako eta ikuskizunetarako jantziak' heziketa zikloak batera eskaintzen dituen ikastetxe bakarra da AEG eta arlo horretan ikerketa eta berrikuntza garatzen ari dira zentroan. Izan ere, plastikozko botilen PET materialaretik ateratako oihalak lantzen ari dira, Ternuarekin, Bidarteko ESTIA unibertsitatearekin, Andoaingo Eco-REC lantegiarekin eta Alacanteko Aitex ehungintza institutuarekin elkarlanean.

Big datarekin lanean

Moda ikasteaz gain, beste heziketa ziklo batzuk ere eskaintzen ditu AEGk: 'Sareko informatika Sistemen Administrazioa', 'Administrazioa eta Finantzak', 'Marketina eta Publizitatea' eta 'Web Aplikazioen Diseinua'. Arlo horretan Big datarekin lotutako ikerketak dituzte abian. Merkataritza eta enpresa mailan datu horiekin zer egin daitekeen sakontzen dute ikasleek.

Hernándezek zuzenekoan esaten duen bezala, ikastetxearen lana da "ikasleei etorkizuna bermatzea".

Berrikuntza horiek eta beste zenbait kontu aipatu zituen Hernándezek zuzenekoan. Hemen duzue bideoa osorik:

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.