2021-07-20 09:50

Elkartearen irudia garai berrietara egokitzeko eta elkarteak dituen proiektu ezberdinak bateratzeko lanean aritu gara azken hilabeteotan. Irudia berriaz, elkartearen proiektuez eta etorkizuneko erronkez galdetu diogu Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendariari.

Irudi berritua du elkarteak. Zein izan dira aldaketa egiteko arrazoi nagusiak?

Bai Euskarari Elkarteak garapen handia izan ditu azken urteotan. Ziurtagiriaren proiektua kudeatzeko sortu ginen, baina proiektu zein lan-ildo berriak sortu ditugu bidean. Orain arte izan dugun irudiak ez zituen elkartearen osotasuna eta hedadura erakusten, Bai Euskarari Elkartea ziurtagiri bat baino gehiago dela ikusarazi nahi genuen eta ditugun proiektu guztiei bateragarritasuna eman. Adibidez, Enpresarean edo Lansarean lan-ataria gure proiektuak dira baina, askotan, erabiltzaileek ez dute Bai Euskarari Elkartearekin lotzen. 

Hala, irudi berri baten beharra ikusi genuen. Horregatik, gure proiektuak eta lan eremuak hobeto zehazteko ariketa egin dugu eta hori markan ere erakutsi nahi genuen. Orain, Bai Euskarari Elkartearenak diren proiektu guztiek marka-irudi bateratua dute: Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean eta Euskaragileak. Eta, horrela, Bai Euskarari Elkartearen irudi osatuagoa erakutsi ahal izango dugu hemendik aurrera.

Proiektu ugari ditu martxan elkarteak arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteari begira. Zein dira proiektu horiek eta nola ari zarete garatzen? 

Hiru lan eremu nagusi ditugu zehaztuta gure xedea lortzeari begira: batetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketa eta sustapena; bertan, Ziurtagiriaren proiektua dugu. Bigarrenik, arlo sozioekonomikoaren eragileen eta espazioan aktibazioa: Enpresarean, Lansarean lan-ataria eta Euskaragileak, besteak beste. Hirugarrenik, komunikazioa eta sentsibilizazioa: Bai Euskarari Sariak, LehenHitzaEus, Gasteizko kontsumo kanpaina, etab. Aipatutako proiektu horiek elkartearenak dira eta guk geuk kudeatzen ditugu osorik. 

Dena dela, arlo sozioekonomikoaren eragileen eta espazioen aktibazioari dagokionez, badugu proiekturen bat partekatzen duguna, esate baterako, Arabako Foru Aldundiarekin batera kudeatzen ditugun Lazarraga Sariak. Halaber, azken urte hauetan, administrazioentzat hainbat proiektu ari gara prestatzen eta garatzen: Lanabes proiektuaren barruko Arabako Enpresen Foroa eta, laster, Euskal Herriko beste administrazio batzuentzat zehaztea espero direnak. 

Bai Euskarari Ziurtagiria eta ziurtagiridunek osatzen duten komunitatea da elkartearen ardatzetako bat. Komunitate hori sendotzeko lanean ere ari zarete. Zein ekimen dituzue abian?

Komunitateari begira, guretzat funtsezkoa da haien beharrak antzematea eta horiei erantzun egokiak eskaintzea, arreta berezitua eskaintzea eta ziurtagiridunak prestigiatzea. Era berean, komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak ari gara egiten. Berriki osatu dugu ‘Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko hamaika arrazoi’ kanpaina. Bertan, gure komunitateko 11 entitatetako kideek ziurtagiria lortzeko arrazoi bana eman digute bideoan. Aurrera begira ere kanpaina horrekin jarraitu nahi dugu eta arrazoi gehiago bilduko ditugu, beste entitate batzuk ere prest ditugu-eta parte hartzeko!

Horrez gain, Gasteizko kontsumo kanpainaren barruan, Gasteizko Bai Euskarari entitateetan euskaraz kontsumitzen dutenen artean zozketa bat egin dugu. Bestalde, Gasteizko enpresa txiki eta ertainen artean Bai Euskarari Ziurtagiria txertatu eta euskararen aldeko urratsak egiteko hedapen berezia egiten ari gara Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udalarekin batera. 

Bai Euskarari Komunitateari ikusgarritasuna ematea da elkartearen helburuetako bat eta, horri begira, euskara ikasten ari diren ikasleentzat kanpaina bat egingo dugu, euskaraz artatuko dituzten saltoki, taberna, enpresa eta abarrak identifikatzeko euskarri batzuk argitaratuz.

Ziurtagiriaren homologaziorako eta elkarlanerako bidean beste urrats bat eman berri du elkarteak ziurtagiria eskuratzeko irizpideak egokituz. Zein izan dira urrats horiek?

Ziurtagiria eskuratzeko irizpideak Erreferentziazko Marko Estandarrera (EME) hurbiltzeko eta egokitzeko lan egin dugu. Horrela bada, EMEren bi ardatzen arabera bilduko dira: "Zerbitzua euskaraz" eta "Lana euskaraz". Guretzat erabat koherentea da, horiek izan baitira ziurtagiriaren sorreratik kontuan izan ditugun mailak.

Azken urte hauetan Bikain eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarrekiko aitortza agerikoagoa izan bada ere, oraindik, eta hainbat hurbiltze-saio egin diren arren, ez gara iritsi bien arteko elkarlana zehaztu eta sistematizatzera, tamalez. Bi sistemen artean desberdintasunak egon badaude, batez ere jomuga duten enpresa izaerari, prozedurari, planifikazioari edo-eta segimenduari dagozkionak. Hala ere, gehiago dira elkartu beharko gintuzketen aldagaiak urruntzen gaituztenak baino.

Urrats nabarmen batzuk egin dira bi sistemen uztarketari eta elkarlanari bidea emateko. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Planean (EESSP), adibidez, aitortzen da Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez egindako ekarpena eta azpimarratzen da ziurtagirien eskema egokitu, indartu eta zabaltzearen beharra. Planaren aurtengo asmoen artean, gainera, ziurtagirien eskema egokitzea dago, zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izan dadin sustatzeko.

Bai Euskarari Elkarteak, bere aldetik, egokitzapen metodologiko garrantzitsuak egin ditu. Aldaketa honi esker, Bai Euskarari Ziurtagiria berritzearekin batera, balioa erantsi nahi izan diogu, entitateetan eragiteko eta haiei laguntzeko baliagarria den tresna gisa. Bai Euskarari Ziurtagiria homologatzeak bidea zabalduko luke arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera erosoa areagotzeko, eta Ziurtagiria duten entitateek dirulaguntza, hitzarmen eta kontratazio-deialdi publiko guztietan euskararen ziurtagiri bezala aurkezteko. 

Orain, elkarrekin aritzeko erabakiak behar dira. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.