2020-02-19 00:00

Sektore produktibo gisa euskarak termino ekonomikoetan duen balioa kuantifikatu du Langunek, lurraldeko ekonomian zer pisu duen jakiteko. Gipuzkoan euskarak duen eragin ekonomikoa eta hizkuntzen industriak EAEn duen egoera aztertu dituen txostenaren emaitzak ezagutzera eman zituzten Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz gunean, lurraldeko Euskararen Foroak legealdi honetan egindako lehen bilkura probestuz.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren gidaritzapean egindako lan jardunaldian izan ziren Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko kudeatzaile Lohitzune Txarola eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. Txostena Siadecok egin du Langunerentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin.

Hizkuntzen industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkartea da Langune; 2010ean sortu zen, eta itzulpengintza, edukiak, irakaskuntza eta hizkuntzen teknologiaren alorreko enpresak elkartzen ditu. Hizkuntzen tratamenduarekin zerikusia duten produktu eta zerbitzuak diseinatzeaz, ekoizteaz eta merkaturatzeaz arduratzen den jarduera-sektorea da hizkuntzen industria. Mundu mailan garrantzi handia hartzen ari da sektorea, batez ere globalizazioaren eta teknologia berrien eraginez. Euskal Herrian, azken bi hamarkadetan, arlo horretan lanean ari diren ikerketa-talde, enpresa eta erakunde ugari sortu dira.

Euskalgintzako eragileei aurkeztutako txostenaren arabera, sektorearen errealitatea askotarikoa da, mota askotako enpresak eta jarduerak biltzen baititu. Lohitzune Txarolak sektoreari buruz azaldu zuenez, “enpresa txikiz osatuta dago batez ere, eta autonomo ugari dago. Langileen bi heren pasatxo emakumezkoa da, eta eskaintzen diren zerbitzuen xede-hizkuntzari dagokionez, euskara da nagusi”. Halaber, aipatzekoa da sektoreak mendekotasun handia duela administrazio publikoarekiko, dirulaguntzei eta kontratazioei dagokienez. Datu ekonomikoekin lotuta, bestalde, Languneko arduradunak adierazi zuen enpresen % 52,3k izan dutela bilakaera positiboa, baina % 39k langile-kopurua murriztu behar izan duela. Nolanahi ere, enpresen erdiak uste du hurrengo hiru urteetan bilakaera positiboa izango duela.

Enplegua

Txostenean, bestalde, euskarak Gipuzkoan zer eragin ekonomikoa duen aztertu dute. Euskarak hizkuntza txiki gisa dituen berezitasunen ondorioz, hizkuntzen industriatik harago aztertu behar izan da euskarak ekonomian duen eragina. Hala, lau jarduera-adar hartu dira kontuan: hizkuntzaren industria (euskarari dagokiona bakarrik), kultura eta hedabideen industria, hezkuntza eta unibertsitate arloko jarduerak eta administrazio publikoa.

Laburbilduz, Gipuzkoan euskara-sektoreek duten zuzeneko eraginaren, zeharkako eraginaren eta eragin induzituaren azken emaitza makroekonomikoek dioten arabera, Gipuzkoako ekonomiako enplegu osoaren % 7,99 euskara-sektoreek sortua da; 24.848 lanpostu. Konparazio baterako, EAEn euskara-sektoreek eragindako enplegua, orotara, zertxobait baxuagoa da: % 5,99.

Bestalde, Gipuzkoako barne-produktu gordinaren % 5,34 euskararekin zuzenean eta zeharka loturaren bat duten sektore ekonomikoei dagokie. Gipuzkoako BPGa, guztira, 24,4 mila milioi da, eta euskarari dagokiona, 1,304 mila milioi euro. EAEri dagokionez, BPGaren % 4,59 dago euskararekin lotuta.

Ikerketak azaleratzen duenez, beraz, “aurreko aldagai makroekonomikoak ikusita, ondoriozta daiteke euskarak zuzenean eta zeharka sortzen dituen datu ekonomikoak esanguratsuak direla eta euskararen balioa termino ekonomikoetan ere handia dela”. Administrazioari lotuak dauden enplegu eta baliabideez gainera, “euskararen inguruan lan egiten duten sektore ekonomikoek enplegu asko eta balio erantsi handia sortzen dute”, adierazi zuen.

“Sektore ekonomiko garrantzitsua”

Markel Olanok albiste pozgarritzat jo zuen euskarak Gipuzkoan duen eragin ekonomikoa neurtzen duen txosten “mardula eta sakona” edukitzea. “Helburu horrekin eskatu genuen azterketa egitea. Frogatu egiten da euskarak, kultura eta gizarte terminoetan balio neurtu ezina izateaz gain, sektore ekonomiko garrantzitsu bat sustatzen duela, balio kate oso bat dagoela ezagutza eta aberastasuna sortzen duena”.

Gaineratu zuen Gipuzkoan nabarmena dela euskarak ekonomian duen pisua, beste lurraldeekin alderatuz gero. “Aitzindari gara eta esportatu egiten dugu jakinduria hori. Gurean errotutako enpresa asko eta askok, ibiliaren poderioz ikasi dute hizkuntza gutxitu baten berreskurapenerako estrategia eta lan-ildoak finkatzen eta, orain, erreferente izaten ari dira munduko hizkuntza gutxituak berreskuratzeko lanetan ari diren eragileentzako”. Bide horretan, “berrikuntza teknologiko eta sozialaren garrantzia” azpimarratu zuen. “Teknologiaren esparruan puntako ekimenak jarri dira martxan hizkuntzari lotuta. Euskararen erabilerari hauspo berria emateko desafio partekatuari gogo eta ilusio berriz ekiten ari garen honetan, berrikuntzak berebiziko garrantzia hartzen du. Are eta berritzaileago izateko desafio horretan, euskalgintzak bidelagun izango du Aldundia”, amaitu zuen. 

Albistearen iturria: Langune.eus

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.