2023-01-25 14:47

Gaur, urtarrilak 25, aurkeztu da Euspoten edizio berria Eusko Jaurlaritzak Donostian duen ordezkaritzan. Aurkezpenean izan dira Cristina Uriarte Toledo, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Goio Arana, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio campuseko zuzendaria; Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatea; Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna; eta Leire Luengo, Bai Euskarari Elkarteko ordezkaria.

Aurten ere Bai Euskarari Elkarteak laguntzaile bezala parte hartuko du. Gure helburua lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragitea izanik, estrategikotzat jotzen dugu ikus-entzunezkoen industrian, zientzia, teknologia eta berrikuntza arloan eta gazteen artean eragitea.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa 2001 urtean. Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen.

Aurtengo gaia: “ZIENTZIALARI ETA IKERTZAILE IZAN NAHI DUT!”

30 segundoko iragarki bat sortu beharko da bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko. STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) gaiak gazteengana hurbildu eta balioetsi nahi dira, eta STEAM eduki eta lanbideen interes eta ezagutza maila handitu, haien garapen profesionala eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duten parte-hartzea errazteko. Sormena eta ikasteko grina bultzatu nahi dira, pentsamendu zientifikoa sustatuz.

3.000 euro baino gehiago saritan

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Parte hartu!

Parte-hartzaileek 2023ko maiatzaren 29ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko.

Parte hartu nahi dutenek, lehiaketako briefinga eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. Eta http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan.

Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.