2019-06-13 09:55

Euskaldunon Egunkariaren hemerotekak gogorarazi digu 2000ko ekainaren 13an banatu zirela lehen 425 Bai Euskarari Ziurtagiriak. Miramonen izan zen ekitaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Ziurtagiria jaso zuten eragileek euskararen alde proposaturiko neurri minimoak indarrean jartzeko konpromisoa hartu zuten.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sortu zuen Ziurtagiria urte bereko maiatzean, “gure hizkuntzaren aldeko pauso oro saritzeko lanabes berri” gisa. 2007an sortu zen Bai Euskarari Elkartea, zazpi urte lehenago Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak abian jarritako Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua indartzeko, elkarlanaren bidez gidatzeko, zabaltzeko eta sendotzeko, eta gizartearen aurrean erreferentziala izateko xedearekin.

Geroztik Bai Euskarari proiektua sendotu egin da eta Euskal Herri osoko 1359 entitatek dute gaur egun Bai Euskarari Ziurtagiria. Alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten ari gara sorreratik, betidanik argi izan dugulako lan munduan euskara sustatzea estrategikoa dela hizkuntza biziberritzeko.

Elkarlana da proiektu honen oinarria hasiera beretik, eta denon inplikazioari eta ekarpenari esker pixkanaka hazi da eta jatorrizko proiektutik, ziurtagiritik, harago joatea lortu dugu. Gaur egun, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Euskara lan munduan sustatzeko estrategian eta eremu sozioekonomikoan ekarpena egiteko proiektu berriak sortzeko gaitasuna izan dugu eta baliabideak ere eskaintzen ditugu enpresei laguntzeko:

 

Proiektu berriak sortzeko gaitasuna izan dugu eremu sozioekonomikoan ekarpena egiteko eta baliabideak ere sortu eta eskaintzen ditugu enpresei laguntzeko.

Zorionak duela 19 urte euskararen aldeko konpromisoa hartu eta orain arteko bidea egiten lagundu diguzuenoi. Lan munduan euskarak aurrera egiten jarraitzen du denon ekarpenei esker eta segi dezagun pauso berriak ematen.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.