2019-04-02 12:02

Gasteizko Udalak Bai Euskarari Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du Bai Euskarari ekimena Gasteizen garatzeko 2019 urtean. Hitzarmen horri esker, 2018an martxan jarritako ‘Lehen hitzak balio handia du’ kanpainak jarraipena izango du aurten ere eta Gasteizko euskararen mapan euskararekin konprometitutako establezimenduak, etab. identifikatzen eta zabaltzen jarraituko dugu.

Hitzarmenaren helburua da arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea:

  • batetik, arlo sozio-laboralean euskararen erabilera sustatzen ari diren establezimenduen eta entitateen ahalegina aitortzea eta haiekin elkarlanean aritzea, erreferente berriak sortuz, eta sare-lana bultzatuz;

  • bestetik, hirian inpaktua duten ekitaldietan euskararen presentzia eta erabilera indartzea, batez ere arlo sozioekonomikoari lotutako entitate pribatuek antolatuak direnean.

Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak uste du hitzarmen hau tresna baliagarria eta baliotsua dela merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean euskararen erabilera indartzeko.

Lehen hitzak balio handia du

Kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina da ‘Lehen hitzak balio handia du’. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Kontsumitzaileak giltzarri dira kanpaina honetan, erronka baita euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea, lehen hitza euskaraz eginez, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartaraztea eta urratsak ematera eragitea. Gasteizko euskararen mapa da proiektu honen muina.    

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.