2020-01-14 12:24

Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak Gasteizen Bai! kanpaina abiatu du, hiriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan euskara sustatzeko helburuarekin. Kanpainarekin bat egin du Bai Euskarari Elkarteak ere, Aenkomer eta Gasteiz On-ekin batera. 

GASTEIZEN BAI

MERKATARITZARI,

OSTALARITZARI,

ZERBITZUEI,

EUSKARARI

Kanpainaren nondik norakoak

Batetik, komunikazio kanpaina berezia egingo da Gasteizko herritarrak euskaraz erostera animatzeko, eta merkatari zein ostalariak alor horretan egiten ari diren lana ikustarazteko; hartara; hiriaren komertzio txikia balioan jarri nahi da, eskaintzen dituen baloreak begi bistan jarriz, esaterako, euskaraz erosketak egiteko aukera.

Hartara, programazio bat osatu da urtarriletik maiatzera bitartean: sare sozialetako lehiaketa, kale antzerkia, umeenzako ikuskizuna eta hiru negoziori aitortza egingo dira.

Bestetik, lanketa zuzena egingo da batez ere erdiguneko merkatariekin haien establezimenduetan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko. Otsailetik aurrera profesionalak informatu nahi dira, sentsibilizatu, eta azken batean, inplikatu euskararen aldeko keinu edo pauso bat emateko. Aurrez aurreko bisitetan, batetik, estableziemenduetako hizkuntza paisaia euskaraz ere egoteko hainbat material eskainiko zaie (ordutegiak, errotulu txikiak, faktura takoak, itzulpenak...); eta bestetik, modu proaktiboan euskararen aldeko konpromisoak hartzera animatuko zaie hizkuntza aholkularitza eskainiz.

Euskarazko kontsumoa sustatu

Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak aurkezpenean esan duen bezala, kanpainaren bigarren arlo horretan jarriko du fokua Bai Euskarari Elkarteak: "Gure xedea da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz".

Gutiérrezek gaineratu du "kontsumoa euskaraz sustatzeko lanean" ari garela Bai Euskarari Elkartean eta Gasteizko euskararen mapa "osatu" nahi dugula "eragile guztiokin elkarlanean". Kanpaina honek ere lan horretarako hazia jarriko du, euskarazko kontsumoa geroz eta errazagoa izan dadin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.