2018-12-05 16:52

#GasteizenBaiEuskarari mintzodromoa ospatu dute Gasteizko gazteek

Gasteizko “11 ber bi festibala”-ren barruan ospatu dute gaur gazte mintzodromoa Oihaneder Euskararen Etxean, hiriko Lanbide Heziketako, Batxilergoko eta IKAko ikasleekin euskaraz eta hizkuntzaren egoeraz hitz egiteko. Euskaraz saiatzea merezi duela adierazi dute parte-hartzaileek eta hizkuntza erabiltzeak bere fruituak ematen dituela frogatu du saioko gonbidatu bereziak, Aiora Mujikak, sare sozialetan @probatxoa bezala ezagutzen dugunak.

Bai Euskarari Elkarteak antolatzen du topaketa, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, ikasleen arteko harremanak euskaraz sustatzeko eta bizitzako arlo ezberdinetan hizkuntzaren egoeraz eztabaidatzeko.

Launakako taldetan elkartu dira parte-hartzaileak eta arlo ezberdinei buruz mintzatzeko aukera izan dute. 

Hasteko, “Minutu bat Interneten, zenbat euskaraz?” gaia aurkeztu zaie ikasleei, eguneroko aisia digitalaren inguruan hitz egiteko eta euskarak hartzen duen lekuaz hausnartzeko.  Eztabaida piztu aurretik, Youtubegintzan murgildutako @probatxoa–k bere burua aurkeztu du eta euskarazko bideoak eskaintzeko saiakera egitera animatu ditu gazteak; izan ere, berak zuzen-zuzenean asmatu zuen, bere lehenengo bideoak 85.500 bisita baino gehiago jaso zituela kontutan izanik. Gazteek interesarekin entzun dute Mujikaren bizipena eta gehiengoak partekatu du Youtuberraren iritzia, Interneten, kalean, eskolan edo-eta lanean ere, euskaren alde egiteak merezi duela, alegia.

Bigarren txandan, ingurumen digitaletik, lan mundura salto egin dute gazteek, “Etorkizunerako lanbidea hautatu, lanerako hizkuntza aukeratu” gaiarekin. Aurrekoan bezala, jarrera positiboa nabarmendu da aretoan eta, oro har, ikasle guztiak maila profesionalerako pausoa euskaraz egitearen alde agertu dira, gogotsu.

Ondoren, gaur egungo kontsumo ohitura digitalak partekatu dituzte ikasleek eta Interneteko Google assistant, Siri edo Amazon bezalako laguntzaile birtualen erabilerari erreparatu diete, “Sarean euskal siri izango bagenu...” eztabaidagaia aurrean izanik.

Bukatzeko eta kontsumo ohiturei jarraituta, “Hala erosi, zera irabazi: #LehenHitzaEUS” gaia aurkeztu zaie ikasleei, Gasteizko erosketa moten, kontutan harturiko irizpideen eta erabiltzen duten hizkuntzaren inguruan mintzatzeko.  

Ekitaldia amaitzeko, azpimarratzekoa da parte-hartzaile guztiei Baskonia, Alaves eta Araskiren sarrerak banatu zaizkiela.

Gasteizen, Interneten, lanean edo kontsumo garaian, beraz, euskaraz irabazteko asko dutela baieztatu dute ikasleek.


Argazki guztiak hemen:

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.