2021-01-22 08:30

Kutxa Ekoguneak antolatu du Euskararen Ginkanaren 7. edizioa eta Euskaltzaleen Topaguneak egingo ditu koordinazio lanak. 4-6 laguneko taldea osatu eta izena eman behar da urtarrilaren 31 baino lehen. Otsailean hasita, lau astetan lau proba egin beharko dira, online. Irabazleek 3.000 euro jasoko dituzte euskararen aldeko proiektu bat finantzatzeko.

Ginkanaren helburua da herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilpena sustatzea, hizkuntzen zein aniztasunaren jasangarritasuna eta hizkuntza-ekologiaren kontzeptuak ezagutzera emanez. Horretarako, urtero gai zehatz bat aukeratzen da eta burutu beharreko probak gai horri buruzkoak izaten dira.

Kutxa Ekogunea Bai Euskarari komunitateko kide da eta 'Zerbitzua eta lana euskaraz' ziurtagiria du.

Nortzuk parte hartu dezakete?

Lagun koadrilak, Mintza taldeak, guraso eta ikasle taldeak, Mintzakoadrillak, jai batzordeak, aisialdi taldeak, euskaltegiko lagunak, tokiko enpresak, kirol taldeak, talde feministak, ekologistak… ondo pasatzeko gogoz dauden 4-6 lagun elkartu eta osatu dezakezue taldea (16 urtetik gorakoak izan behar dute).

4 aste, 4 proba, 4 sari

Lau aste iraungo du Euskararen Ginkanak: otsailaren 3an hasi eta martxoaren 3ra arte. Martxoaren 20an final handia jokatuko da, Kutxa Ekogunean (Donostia) bi aurkezle oso berezirekin: Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz, Mihiluze lehiaketako aurkezleak elkartuko dira.

Lau proba online: otsailean astero proba bat burutuko dute partehartzaileek. Online ikusiko dute zer egin behar den, www.euskararenginkana.eus webgunean, eta online bidali beharko dute proba eginda.

Lau sari: puntu gehien dituzten lau taldeak martxoaren 20ko final handira pasako dira. Talde finalista denek eramango dute sari bana. Sari potoloena 3.000 eurokoa da, euskararen alde egin nahi duten asmo hori burutzeko (mendi irteera bat euskaltegiko lagunekin, euskararen egun bat antolatu herrian, Errigorako saski pila bat erosi eta eskolan banatu, futbito txapelketa bat koadrilen artean…).

Izen-ematea urtarrilaren 31ra arte zabalik

Lehendabizi, 16 urtetik gora dituzten 4-6 laguneko taldea osotu, www.euskararenginkana.eus webgunean sartu eta bertoko galdetegia bete behar da. Horrez gain, talde bakoitzak bideo labur bat grabatu behar du, bi minuturen bueltakoa, taldearen eta sariarekin babestu nahi den proiektuaren aurkezpen txiki bat eginez.

Izen-ematea urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik.

3.000 euro euskararen alde erabiltzeko

Talde irabazleak 3.000 euro jasoko ditu eta sariaren % 90 gutxienez, izena ematerakoan aurkeztutako euskararen aldeko egitasmoa finantzatzeko erabiliko du. Talde finalista guztiek, gainera, sari bana jasoko dute finalean parte hartu izana saritzeko.

Info+ eta izen-ematea  www.euskararenginkana.eus webgunean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.