2019-03-05 15:01

Azkar pasatzen da denbora, konturatu gabe, aldatzen goaz, pausoak ematen ditugu eta garai berrietara moldatzen gara. Berritzen, oztopoak gainditzen, aukerak eta egitasmoak sortzen ditugu etengabe.

Ez da erraza Bai Euskarari Elkartea bezalako proiektu bat perspektibarekin begiratzea, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sorreratik egindako ibilbidea errepasatzea eta aurrera begirako ekarpenak egitea. Jakin badakigu nor garen, nondik gatozen, zertarako sortu ginen, norekin abiatu genuen 2000. urtean aurkezturiko Bai Euskarari Ziurtagiria. 

Elkarlana da proiektu honen oinarria sorreratik beretik, eta denon inplikazioari eta ekarpenari esker pixkanaka hazi da eta jatorrizko proiektutik, ziurtagiritik, harago joatea lortu dugu. Gaur egun, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea helburu duen egitasmoa, Bai Euskarari Elkartea.

Ibilbide hau berreskuratu ahal izatea altxor bat da guretzat. Aurpegi ezagunak, emozio partekatuak, merezitako errekonozimenduak, askotariko bidelagunak.... hito asko biltzen dira Bai Euskarari Elkartearen bizitzan, eta gelditzen direnak zenbatu gabe. Hori horrela izanik, Elkartearentzat aukera paregabea izan da Berria Taldeak argitaraturiko Euskaldunon Egunkariaren Hemeroteka, 1990tik 2003ra bitarteko argitalpenak biltzen dituenak.

Bilaketa ezberdinak egin ditugu eta oroitzapenak biziberritu ditugu artxiboko argitalpekin. 

Gogoan duzu?

- Bai Euskarari Ziurtagiria aurkeztu genuen eguna. 

- Ziurtagiriaren lehen banaketa ekitaldia.

- Lehen "Zerbitzua eta Lana euskaraz" ziurtagiria Elay enpresak lortu zuela. 

- Ibilbidean zehar egindako akordioak

...

Atzera begiratzeak aurrera begiratzeko, euskaraz sortzeko eta baikortasunez ekiteko indarrak ematen digu. Mila esker atzoko, gaurko eta biharko bidelagun guztioi. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.