2019-07-11 00:00

Bost urte bete dira lehenengo .EUS webguneak sareratu zirenetik. .EUS domeinuak euskal gizartean errotu eta zabaltzea erdietsi du; urratsez urrats, domeinua sendotzen joan da, eta 10.000 domeinuko langa gainditzetik gertu dago.

Normalizazio-prozesu honetan, urrats bat gehiago emateko unea iritsi da; horregatik, .EUS domeinuak prezio berria izango du aurrerantzean, gainerako domeinuen parekoa. 

Lortutako domeinu-kopuruak ahalbidetu du .EUS ere Interneteko gainerako domeinuentzat ohikoa den prezioan finkatzea, bai domeinu berria erosten dutenentzat, bai eta lehendik domeinu-izena erregistratuta duzuenotzat ere.

Aurrerantzean, .EUS domeinua 19 eurotik hasita erosi ahalko da, eta prezio horretan berritu ahalko da hurrengo urteetan ere, .EUSen normalizazioaren adierazgarri.

Kontuan izan, hala ere, hornitzaile bakoitzak finkatzen duela azken prezioa eta aldeak egon daitezkeela prezioan eta eskainitako zerbitzuetan. 
Hemen duzue prezio eskaintza berriarekin bat egin duten hornitzaileen zerrenda. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.