2020-07-02 09:43

Laida Aguerretche-Colina psikologo-psikoterapeutak Ziburun (Lapurdi) du kontsulta. Ekainean eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria, ‘Bidean’ maila. Ipar Euskal Herrian pazienteak euskaraz artatzen dituen psikologo bakanetakoa da eta bere lanaren inguruan galdetu diogu.

Psikologo psioterapeuta zara. zein arlotan egiten duzu lana bereziki?

Psikologo lanetan hasi nintzenetik, arlo ezberdinetan ibili izan naiz, mugaren bi aldeetan eta hiru hizkuntzatan. Hasiera batean haur, nerabe eta orokorrean familiekin aritu naiz, hezkuntzan Seaskan adibidez, baina baita Donibane Lohizuneko CMPPn ere, osasun arloan. Donostiako ikastetxe eta Haurreskoletan Eskuhartze Goiztiarreko programan aritu ostean, Baionako klinika psikiatriko batean ibili nintzen. Guzti honekin batera, kontsulta pribatuan nenbilen eta 2017ko apiriletik azken honetan bakarrik zentratzea erabaki nuen. Publikoari dagokionez, urteetan zehar pixkanaka helduekin esperientzia gehiago hartzen joan naiz eta gaur egun nire publiko bakarra da. Psikoterapia indibidualaz gain, emakume taldeak eramaten ditut. Eta gaur egun ere, euskara, frantses zein gazteleraz lan egiten jarraitzeko zortea daukat.

Covid pandemiak nola eragin du zure lanean?

Hegoaldean konfinamendua hasi zen egunean, kontsulta ixteko erabakia hartu nuen, honera ere iritsiko zelakoan. Handik egun batzutara Iparraldean ere konfinatu gintuzten. Astebete pasa nuen buruari bueltaka, luze joko zuela argi neukanez, pazienteei laguntza nola emango nien pentsaka. Presentzialki egotea debekatuta geneukanez, nahi zuten pazienteei bideokonferentziaz jarraitzeko aukera eman nien. Niretzako ez zen lan egiteko modu egokiena, baina aukera bakar bezala ikusten nuen. Asko harritu ninduen paziente gehienek proposamen honi baiezkoa eman izana. Pantailaren hoztasunarekin lan egiten ikasi dut, harremana beste modu batera lantzen. Gorputzari eta emozioei lehentasuna ematen diet nire lan egiteko moduan, kontestu honetan zailagoa izan zait honi arreta jartzea. Pazienteei normalean baino "etxeko lan" gehiago eman dizkiet eta harremana teknologia bidez elikatzen saiatu naiz, bideo musikalak bidaliz adibidez. Oso neketsua izan den arren, harremana ez etetzeko aukera eman digu eta deskofinamenduarekin batera berriro kontsultara itzuli eta pazienteekin gertutasun fisiko zein afektiboa berreskuratzea oso mesedegarria izan zait.

Itxialdia pasata, telelana, umeak eskolarik gabe, ziurgabetasuna... asko eta asko dira gaizki pasatzen ari direnak egoera honetan. Aholkuren bat eman zenezake norberaren egoera pixka bat hobetzeko?

Zaila egiten zait galdera honi erantzutea, aholku orokorregiak beste "eginbehar pisutsu" bat gehiago izan daitezkeelako. Niri dagokidanez, egunerokoan lehentasuna zerri eman nahi eta ahal diodan baloratzeko aukera izan dut. Ahal den neurrian, horretan zentratzea litzake nire aholkua. Zerk elikatzen nau? Horri heldu. Zerk egiten dit kalte? Hori askatu. Ahal den neurrian diot, ezin baitugu ahaztu sistema baten barruan bizi garela, eta norbere nahiak ez datozela beti sistemaren arau eta exijentziekin bat. Norbera, bere bizitzaren zentrora itzultzea, hori bai funtsezko lana. Errespetua norberarekiko eta beste bizidunekiko, sistema justu eta osasuntsuago bat eraiki dezagun. Denok ginateke irabazle.



Urruñan emakumeei zuzendutako Lecture au feminin tailerra jarri duzu martxan. Zein da tailerraren helburua?

Nik neuk honelako tailer batean parte hartu nuen paziente bezala, eta hortik pentsatu nuen proiektu hori aurrera eramatea. Clarissa Pinkola Estes-en Femmes qui courent avec les loups edo Mujeres que corren con los lobos liburuaren irakurketatik abiatzen gara. Bederatzi hilabateko zikloak dira, 5/6 emakumez osatutako talde txiki eta goxoak. Saio batetik bestera, zein irakurketa egingo dugun zehaztu eta ondokoan irakurketa horren analisi pertsonala partekatzen dugu. Gai asko jorratzen dira, baina helburu nagusia emakumeok jendartean eta norbere bizitzan dugun lekua, ematen dizkiguten edo hartzen ditugun roletaz kontziente egitea da. Behin gure burua gehiago ezagututa, aldatu nahi duguna aldatzeko indarra ematen du taldeak, elkarrenganako errespetu eta begirunea direlako talde hauen guztien oinarria. Oso esperientzia polit eta aberasgarria da, guztiontzako, talde bakoitzetik irakaspen berriak lortzen baititut nik ere. Beti dago zer ikasi, sakondu eta hobetu.

Emakumeen ahalduntzea garrantzitsua da zure terapia-saioetan?

Orokorrean, edonoren ahalduntzea iruditzen zait garrantzitsua. Emakumeon kasuan, sistema heteropatriarkal globalizatu batean bizi garenez, aurrera egin eta gure lekua egiteko lan gehiago dugu. Beraz zentzu horretan bai, nire saioetan eta emakume taldeetan garrantzia handia du. Gestalt terapian aditua naizen heinean, nire lanaren helburu nagusia pazientea ahal bezain libreen bizi dadin laguntzea da. Bere hautuak egin eta hauetaz arduratzea, ardura gabe ez dagoelako askatasunik.

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu berri duzu. Zein balio eskaintzen du ziurtagiriak zure zerbitzuan?

Euskara dut ama hizkuntza eta beti izan da nire bizitzaren oinarrian. Ikasketa osoak egin ditut Seaskan, gero Donostiako Psikologia Fakultatera joateko aukera egin nuen, ikasketak euskaraz jarraitzeko. Argi nuen beraz lanean ere euskaraz aritu nahi nuela eta euskaldunoi zerbitzu hau proposatu nahi niela. Iparraldean kontsulta pribatuan ari garen psikologo euskaldunak gutxi gara, are garrantzitsuagoa iruditzen zait euskaraz lan egiten dudala argi geratzea. Ziurtargiriak horretan laguntzea espero dut. Sinboliko eta afektiboki, garrantzia handia du niretzako gure hizkuntza maitatu eta zaintzeak, Iparraldean gaur egun oraindik euskaraz hitz egitea militantzia ekintza bat dela uste dut. Eta euskaraz bizi nahi dudalako.

 

Argazkia danmir12 - www.freepik.es

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.