2019-12-18 09:26

Euskara da kontsumitzaile irizpidedunaren ezaugarria. Bertakoa, hurbila, ekologikoa, kalitatekoa kontsumitu nahi izaten dugu. Horregatik, euskararen aldagaiari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile irizpidedun aktiboak giltzarri dira euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzeko, lehen hitza euskaraz egiteko, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakarri eta bertan kontsumitzeko. Era berean, pauso horiek egitea garrantzitsua da gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartarazteko eta urratsak ematera eragiteko. Pixkanaka-pixkanaka, euskararen mapa osatzen joan gaitezen.

2018an martxan jarri genuen Gasteizen Lehen hitzak balio handia du kanpaina eta, horren arrakasta ikusita, Euskal Herri osora hedatu nahi dugu kanpainaren mezua: helburua da establezimendu eta kontsumitzaile euskaldunei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Osatuko dugu mapa?

Une honetan 1.349 entitatek osatzen dute Euskal Herriko euskararen mapa eta gainontzeko merkatariak eta ostalariak gehitzera animatu nahi ditugu. Parte-hartzaileak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez identifikatuko dira, bakoitza dagokion mailarekin: 'Zerbitzua eta lana euskaraz', 'Zerbitzua euskaraz' eta 'Euskararen bidean'. Establezimenduek dagokien mailaren adierazgarri bat jasoko dute, kontsumitzaileei Gasteizko euskararen maparen parte direla erakusteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.