2019-11-13 00:00

Oskar Arantzabal, Baleren Bakaikoa eta Joseba Barandiaran - Biltzarreko Batzorde Zientifikoa

Hogeita hamabost bat urte bada ekonomialari euskaldunen biltzarra antolatzeko lehen urratsak egin genituela. Izan ere, laurogeiko hamarkada hartan sinatzaileetako bat Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Ekonomia Sailburua izateaz gain, erakunde akademiko horretako zuzendaria ere bazen eta saiatu zen, beste zenbait euskal ekonomialarirekin, biltzar bat antolatzen, baina ez zen ahal izan, nahiko masa kritikorik ez zegoelako. Baina denbora joan ahala, euskal ekonomialarion egoera hobetu zaigu, eta apustu hau egitera ausartu gara.

Duela hiru hamarkada eta erdi, Euskal Herrian pil-pilean zeuden gaiak eta gaurkoak arras ezberdinak dira. Izan ere, laurogeiko hamarkadan aldaketa nabarmenak eman ziren, Autonomia Estatutuak, bai EAEn zein Nafarroan, indarrean sartu zirenean. Estatutu horiek onetsi ostean EAEn Ekonomia Ituna eta Nafarroan Ekonomia Hitzarmena sartu ziren indarrean, eta finantza baliabide publiko ugari eskuratu genituen; baliabide horiekin, politika ekonomiko autonomoa egiteko aukerak eskuratu genituen, eta ondorioak aztertzeko parada ematen zigun.

Halaber, 1986an Europako Erkidegoan, gerora Europar Batasuna bilakatu dena, sartu ginen, eta aurretik gure ekonomia egokitu eta doitu behar izan genuen mapa ekonomikotik desagertu ez bagenuen nahi. Ondorioz, zenbait oinarrizko industria sektore birmoldatu behar izan ziren, eta aspaldian ez bezala langabezia tasa izugarri handitu zitzaigun. Eta zer egin langabetu horiek guztiak enplegatzeko? Beraz, urte haietan aldaketa aipagarriak eman ziren, ez bakarrik industrian, baita nekazaritza, arrantza eta zerbitzuetan ere.

Ez dugu ahaztu behar, bestalde, ekonomialariek euskaraz lan egiteko nahikoa masa kritikorik ez zegoela. Izan ere, euskal ekonomialari gutxi zeuden, eta are gutxiago alfabetatuak, urte haietan hasi baitziren lehen belaunaldiak fakultateetatik euskaraz trebatuak irteten. Horrez gain, ez zegoen apenas ekonomia testurik, nahiz ordurako Gurutz Ansolaren ekonomia liburua geure esku artean genuen. Baina salbuespena zen euskaraz materiala aurkitzea.

Profesionalen aldetik, Ekonomialarien Elkargoa egon, bazegoen, alabaina euskarak ez zuen orain dituen ikusgarritasuna eta antolamendua.

Gaur egun, euskal ekonomialarion egoera bestelakoa da. Hasteko, euskara normalizazio bidean doa diziplina honetan, nahiz asko falta den, baina aurrera goaz, zalantzarik gabe. Bestalde, ekonomiak orain dituen erronkak eta arazoak erabat aldatu zaizkigu, are gehiago globalizazio eta azken motelaldi gogorraren ondoren, ekonomia eta finantzaren paradigma hagitz aldatu baita.

Bestalde, industria eta nekazaritza pisua galduz doaz, eta sektore horietatik at geratzen diren langileak zerbitzuetara zuzentzen dira. Alabaina, ez dirudi zerbitzu sektoreak gaitasunik duenik sobera dagoen jendeari enplegu duina eskaintzeko; haatik, hainbatek alokairu eskasak eskuratzen dituzte, langabezian geratzen ez badira. Eta hortik dator errenta edo sarreren arrakala.

Zer egin oraindik enplegua murrizten bada, are gehiago robotika dela-eta? Horren erantzuna Ibarretxe jaunak eta beste hainbat txostengilek emango digute. Eurek azalduko digute euskal ekonomiak mundu globalizatuan izango duen txokoa, edo 4.0 industriak emango dizkigun aukerak, hobeto bizitzeko; aisialdia luzatzea ez baita batere zaila izango, baldin eta ekonomia politikaren menpe ezartzen bada.

Halaber, euskal pentsio sistemaz ere eztabaidatu behar dugu, beronen konponbidea produktibitatearen hazkundearekin eta finantza iturri gehigarriekin konpondu baitaiteke.

Gai potolo horiez gain, baditugu beste hainbat: klima aldaketa, generoari lotutakoa, ekonomia jasangarria, menpekotasuna, ekonomia zirkularra, eta abar.

Hori dena ikasteko eta, batik bat, eztabaidatzeko parada izango dugu, irakurle estimatua, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrera hurbiltzen bazara.

Azaroaren 14an, Donostian, Euskaltzaindiaren Tolare eraikinean, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra egingo dugu, Historiatik Etorkizunera, egingo dugu egun osoko ekitaldi akademiko batean. Bertaratu nahi duenak, jadanik, badu ekitaldi horretarako eratu dugun egitaraua.

Iturria: Berria.eus

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.