2019-03-27 09:18

Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritza taldea bildu gara (argazkian, elkarteko lan-taldea) eta urteko ohiko batzar nagusia ere egin dugu. Bertan, aurtengorako ildoak berresteaz gain, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektuak zehaztu ditugu. Azpimarratu behar da, aurten bi proiektu barneratuko direla gure Kudeaketa Planean: Euskaragileak Enpresa Batzordea eta diseinu-fasean dagoen Zureskura, enpresa, profesional eta kontsumitzaileen sarea.

Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean eta lagungarria izaten ari da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko. Erronkak ez zaizkigu falta eta urtetik urtera alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarak leku handiagoa irabazteko estrategia gainbegiratu eta egokitzen ari gara.

Bost ildo

Euskarari Elkartearen norabidea finkatu da, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteari begira. Horri begirako ildoak berretsi dira: Bai Euskarari Ziurtagiriaren komunitatea indartzea, ziurtagiria bera tresna modura sendotzea, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko eragile izatea, eta egiteko moduari, lidergoari eta komunikazioari dagokienez, elkartea eraldatzea.

Azken urteotan bezala, gure estrategia eraikitzeko “pentsatu-egin-pentsatu-egin” zikloa osatuko da, inguruko egoera-aldaketei malgutasunez eta arin erantzuteko.

Baliabideak, espazioak euskaraz betetzeko

Euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea eta erabiltzea funtsezkoa da egunerokoan normaltasunez aritzeko eta hizkuntzaren biziberritzerako eta, horretarako, baliabideak sortu eta garatu behar dira, ezinbesteko baldintza baita, pertsonak eta espazioak euskararekin betetzeaz gain, baliabideak eta tresnak ere euskaraz egotea eta horiek baliatzea.

Gaur egun, Bai Euskarari, ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gure komunitatea sendotzeko ari gara lanean, baliabideak etengabe sortzen eta eguneratzen saiatzen gara... Eta ez hori bakarrik; gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko.

Baina ez gaitezen horrekin konformatu, birpentsatu behar baitugu zer egin eta nola eragin nahi dugun alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarak leku handiagoa irabazteko. Aurrera begira, erronka handia dugu lan munduan, merkataritzan eta baita kontsumoan ere… Administrazioaren eta enpresa handien lidergoa eta eredugarritasuna baliatuta, Euskal Herri osoko era guztietako enpresetan euskara sustatzeko eta kudeatzeko, sentsibilizazioan eragin behar dugu, komunikazioa landuz, ereduak, baliabideak eta aukerak eskainiz, zubiak eraikiz - Hezkuntza eta enpresen artean, esate baterako -, metatutako esperientzia baliatuz, denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.