2020-06-08 12:01

2020ko Bai Euskarari Sarien ekitaldia ez dugu egingo. Gure komunitateko entitate asko eta asko bezala, une zailak bizitzen ari da Bai Euskarari Elkartea; gure lan jarduera murriztu behar izan dugu, lantaldea ABLEE-ERTEan dago eta egoera ekonomikoan ere eragiten ari da egoera berri hau. Zenbait neurri onartu ditugu gastuak murrizteari eta aurrekontua egokitzeari begira eta horietan guztietan mingarriena izango da ekainaren 19rako aurreikusita zegoen Bai Euskarari Sarien ekitaldia ez ospatzea. Ekitaldi horretan, gainera, ziurtagiriaren proiektuaren 20. urteurrena ospatu behar genuen.

Hala ere, orain arte bezala, alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eta gure komunitatearen beharrak asetzeko helburuarekin lanean jarraituko dugu. Joan den astean komunitateari zabaldu genion mezuan genion bezala, elkar zaindu eta babesteko unea da: jabetu gara aurrera egiteko eta babesteko zein beharrezkoa dugun elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea.

Sariak, 2009tik

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta Bai Euskarari Sarien bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditugu.

Azkenengo Bai Euskarari Sarien ekitaldia 2019ko urriaren 24an egin zen Donostiako Miramar Jauregian. Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika  izan ziren saridunak.

Hemen ikus dezakezue Bai Euskarari Sarien laburpen bideoa:

 Hauek izan dira saridunak urtez urte:

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.