2020-01-22 12:19

Bai Euskarari Elkarteak 2020-2022 Plan Estrategiko berria landu du. Plan irekia da, egokitzen eta eraikitzen joango dena. Oinarrian, lantaldearekin egin den barne-prozesua baliatu da. 

Gogoeta-prozesua abiapuntu

Bai Euskarari Elkarteko lantaldeak barruko gogoeta-prozesu bat egin du, Elkartearen inguruko gai desberdinetan arreta jarriz. Kanpo-barne begiradak uztartu dituen gogoeta-prozesua izan da. Honela, batetik, Bai Euskarari Elkartearen zentzua eta funtsa landu dira. Lantaldearen begiradatik, Elkartearen orain arteko ibilbidea aitortu da eta gaur egungo xedea eta baloreak definitu dira. Bestetik, Elkartearen lantaldean jarri dugu arreta; aurrera begirako erronkek eskatzen duten barruko talde-lana eta kohesioa indartzeko, indarguneak eta hobetzeko aukerak arakatzeko saiakera egin da.

Xedea eta baloreak

Bai Euskarari Elkartearen xedea zehaztu da: Alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. Xede horretarantz urratsak ematerakoan balore hauei garrantzia berezia eman zaie: nortasun propioa, independentea, aitzindaritza, inplikazioa, lankidetza, entzutea, erantzutea, gertutasuna, malgutasuna, dotorea, ezagutza, berrikuntza eta ekintzailetza.

Foku nagusiak

Elkartearen gaur egungo xedea eta baloreak azaleratuta, etorkizunari begirako foku edo aukera nagusiak identifikatu dira:

  • Iparraldearekiko zubiak eraikitzea (Euskal Herri osoan ari gara lanean eta lurralde guztien berezitasunak aintzat hartu behar dira).

  • Arlo sozioekonomikoaren behaketa.

  • Elkartearen posizionamendua lantzea eta zehaztea aldakorra den testuinguruan, bereizgarriak diren elementuen lanketaren bidez (Bai Euskarari ziurtagiria, konexioak...).

  • Alor sozioekonomikoaren aktibazioa proiektuen bidez.

  • Harremanak eta lankidetzak bilatzea.

  • Lantaldea erdian kokatzea, bere ezagutza balioan jarriz.

Konektatzaile rola

Bai Euskarari Elkartearen elementu bereizgarriena Bai Euskarari ziurtagiria da eta elkartearen zentroan egongo da aurrera begira ere. Horrekin batera, orain arte elkarteak erakutsi du beharrak identifikatuta proiektu berriak sortzeko, esperimentatzeko eta garatzeko gaitasuna duela, bai eta eragile desberdinen arteko loturak lantzekoa ere. Aurrera begira, aukera bat identifikatu da hor, alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragile bezala. Horretarako lokarri, erraztatzaile edo konektatzaile rola landu eta garatu nahi da, Elkartearen posizionamenduan maila bat igotzeko.  

Aurrerantzean ere guztion artean, elkarlanean, euskararen bidea argitzen jarraituko dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.