2019-06-25 07:39

“Lanabes - Araban Euskara Lanean” ekimenaren barruan, 21 enpresatan euskararen erabileraren diagnostikoak sustatzeko zerbitzuaren kontratua egin du Arabako Foru Aldundiak Bai Euskarari Elkartearekin. Hala, metodologia ulergarri eta pilotaje erraz eta doako baten bitartez, Arabako enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko laguntza eskainiko dugu, zerbitzua eta lan hizkuntza izateko ibilbidea zehazten.

Enpresetan egingo diren diagnostikoek ezaugarri hauek jasoko dituzte:

  • Hizkuntza gaitasuna.

  • Erakundearen irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia.

  • Erakundearen kanpo harremanak.

  • Erakundearen barne harremanak.

Horrez gain, diagnostikoarekin batera honakoa aurkeztu beharko da:

  • Mikroplana (ekintzen proposamena).

  • Hizkuntza egoeraren ziurtagiria.

Euskararen erabileraren gaineko diagnostiko bana izateko aukera duten enpresen artean honakoak lehenesten dira: Lanbide Heziketako ikasleen praktikak euskaraz egiteko hartzen dituzten enpresak, Lazarraga Sarietan, edo Aenkomer sarietan edo Arabako Merkataritza eta Industria Ganbaran saritutako enpresak. Halere, gainerako enpresak ez dira gutxiesten.

Iaz 18 entitatek lortu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria

Pilotaje prozesua martxan izan zen 2018an eta, prozesu horri esker, Arabako 18 entitatek Bai Euskarari Ziurtagiria lortu zuten. Hala, enpresan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko lanean jarraituko dute entitateok.

Arabako entitateei zuzenduta

Zure entitatearen hizkuntza-egoera zein den jakin nahi izanez gero, autodiagnostikoa egin dezakezu. Zure erakundearen hizkuntza-egoera zein den ezagutzen lagunduko dizun aplikazioa da autodiagnostikoa. Maila zehatza jakiteko eta hobetzen laguntzeko zurekin harremanetan jarriko da Bai Euskarariko teknikari bat.

Arabako era guztietako entitateei zuzendurik dago pilotajea, beraz, prozesuan parte hartu nahi duten enpresak Bai Euskarari Elkartearekin jar daitezke harremanetan, autodiagnostikoa beteta, e-postaz: info@baieuskarari.eus edo telefonoz: 945215196  / 677415084.

 
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.