2021-03-04 11:46

AEKk Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarri du abian, aurten ere, KORRIKArik egon ez arren, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko eta herritarren sostengua lortzeko.

Hiru ardatz izango ditu ekimenak:

2021eko gutuna. Gutun bat helaraziko diete Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.

Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dituzte martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak.

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu zure ekarpena kanpaina ere abiatu dute. Korrika atzeratzeak zuloa eragin dio AEKri aurrekontuan eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diote erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri aurre egiteko eta herritarren sostengua nahi dute. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den KORRIKAk babes erraldoia jasoko duelakoan daude. Ekarpenak webgune honetan egin daitezke, hainbat eratan:
https://www.aek.eus/ekarpenak/

Bai Euskarari komunitateko kide da AEK, eta 'Zerbitzua eta Lana Euskaraz' ziurtagiria du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.