2019-10-24 14:13

Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak, euskarari eta euskararen unibertsoari argia, energia eta indarra emateagatik. Euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugunontzat erreferente dira gaurko sarituak.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuak hemeretzi urte bete berri dituen honetan, administrazioen ordezkaritza zabala egon da ekitaldian: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Arabako Foru Aldundiko, Udalbiltzako eta Batzar Nagusietako ordezkaritza, euskalgintzako komunitatea eta sektore ezberdinetako enpresak eta elkarteak.

Izpiz izpi euskararen bidea geroz eta argiagoa izan dadin lanean ari diren pertsonek parte hartu dute Bai Euskarari Sariak ekitaldian. Izan ere, zer litzateke euskara eta Bai Euskarari komunitatea guztion arteko elkarlanik gabe? Batzuk argi gehixeago egingo dute, besteek gutxixeago, baina guztiak dira beharrezko euskararen bidea eta sortzen eta handitzen ari diren euskararen espazioak geroz eta argiagoak eta dirdiratsuagoak izan daitezen. 

Euskararen bidea argitzen

Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak ekitaldian esan duen bezala, elkartearen xedea da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. "Urte hauetako oztopoei aurre eginez, euskararen bidea argitzen lanean ari gara Bai Euskarari Elkartean, Bai Euskarari komunitatea osatzen duzuen guztiokin elkarlanean. Izpiz-izpi, guztion argiak dira beharrezko", gaineratu du. 

Gutiérrezek nabarmendu nahi izan du jauzia emateko garaia dela: "Euskal Herri osoan. Denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz", azpimarratu du.

Bordatxo jatetxea

Deustun dago Bordatxo jatetxea. Duela 30 bat urte erabaki zuten bertako nagusiek euskara ikastea, baina ez hizkuntza bat gehiago jakiteagatik bakarrik, euskaraz bizi nahi zutelako baizik. Filosofia horixe beraien enpresara eraman dute, eta naturaltasunez dihardute euskaraz lanean. Bai Euskarari ziurtagiria dute, 'Zerbitzua eta lana euskaraz' maila.

ABB Niessen

Niessen enpresako euskara batzordeak 20 urte bete ditu aurten eta, urte berean, Bai Euskarari Saria jasota ederto borobildu dute urteurrena. ABB multinazionalaren barruan dago Niessen lantegia, baina euskararekiko atxikipen handia dute enpresan, langileen arteko kohesiorako gako garrantzitsu bihurtzeraino. Bai Euskarari ziurtagiria dute, 'Bidean' maila.

Mertxe Mugika

Euskarari ekarpen handia egiten dioten pertsonak saritu ditugu urtero eta aurten, bereziki, lan-munduarekin ere lotu nahi izan dugu sari hau. Izan ere, Mertxe Mugika Euskal Herriko kooperatiba handienetariko bateko buru izan baita. Mugikak AEK-ko koordinatzaile nagusiaren postua utzi zuen irailaren 30ean, 13 urte egin ostean. Urte horietan guztietan egin duen lana aitortzeko eman diogu aurten Bai Euskarari Saria. 
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.