2020-06-10 14:18


Zaldi Zoro
Mari Sandoz
Ataramiñe, 2020
565 orrialde

Euskaratzailea:
Aitor Fresnedo Gerrikabeitia
Azaleko irudia:
Naiara Errasti

LURRAN ETA ZERUAN BARRENA

Liburu hau 2002ko urtean aurkitu nuen, Ocaña I espetxean nintzela. Edo berak aurkitu ninduen ni. Espetxeko liburutegia eguneratzeko garbiketa egiten zebiltzala-eta, katalogatu gabeko zein hondatutako liburuak bota behar zituzten. Honek baldintza biak betetzen zituen zakarrontzira joateko: ez zegoen katalogatuta eta bai apurtuta. Baina, ingelesez idatzita zegoela ikusirik, liburutegiaz arduratzen zen presoak, nitaz gogoratu eta, gorde egin zidan. Altxor bat oparitu zidan.

Azala urratuta zuen, orriak nabar kolorekoak, lizun usainekoak, zortzi bat orrialde faltan… Baina irakurri, eta hori istorio ederra!

Hori baino lehentxoago, sasoi hartan, han gurekin zen iparramerikar batekin mintzatu ohi nintzen; nire ingelesa trebatzeko aprobetxatzen nuen. Kansasekoa zen, beltz handikote bat, militar ohia, beti belarra zekarren, eta erre eta berriketan aritzen ginen, mundua konpontzen. Beso batean tattoo bat zuen, indiar baten irudiaz, eta idatzita “Crazy Horse”.

Gero mutila lekualdatu zuten, eta, handik gutxira, liburuzainak oparia egin zidan. Halako kasualitatez betetzen hasi zitzaidan bizitza, gero eta gehiago. Nik, bizitzako une hartan, burua kilikolo neukan. Ordurako sei urte neramatzan preso, lau isolamenduan. Ordu gehiegi bakarrik, ordu gehiegi pentsatzeko; aurretik, 30 urtera arteko espetxealdia… Batbatean, egun batez, errealitatea desitxuratzen hasi zitzaidan. Zaldi Zororen liburuak lagundu egin zidan buruari atseden ematen, eta oreka mantentzen ohiko munduaren eta zentzu berri batez ageri zitzaidan errealitate horren artean.

Honekin guztiarekin esan nahi dizudana da liburu honek esanahi oso berezia duela niretzat.

Kritikariek bere garaian esan zutenez, Mari Sandozen “Crazy Horsek” antzinako saga heroikoen kutsua du. Hala dirudit niri ere. Beste gauza asko ere esan daitezke. Indiarrez, maiz, halako mitifikazio bat egin ohi dugu mendebaldar zibilizazio honetan bizi garenok; eta, bereziki, euskaldunok sarri egin ohi dugu hori; guk ere geure burua “Europako azken indiartzat” hartu nahi izaten dugu. Beharbada, badaukagu zerbait horretatik. Baina “azal zuriengandik” ere bai asko. Interesgarria den beste ikuspegi bat aurki daiteke liburu honetan, gure herriaren borrokarekin parekotasun handia; bereziki, borroka armatuaren amaieran izandako bilakaerarekin.

Antza, gaur egun jendeak ez du astirik irakurtzeko; are gutxiago honelakoxe liburu mardul bat. Agian gertatuko zaizu, liburua irakurtzen hasi, eta izen arraro pila aurkitzen hastea eta nekatzea. Ez kezkatu, jarraitu aurrera; laster konturatuko zara izen apur batzuk soilik direla garrantzitsuak, behin eta berriz azalduta, ezagun egingo zaizkizunak; hortik aurrera ez zara gehiago galduko.

Nire ustez liburu hau irakurterraza da, eta istorioak xarma izugarria du; are gehiago benetako pertsonaia eta gertaerak direla jakinik. Irakurri dutenek hunkitu direla aipatu didate, eta nik ere negar egin nuen amaieran.

Testu irakurterraz bat sortzea izan da nire kezka. Alde horretatik, itzulpenak badu bere zailtasuna: Mari Sandozek jatorrizkoan darabilen hizkuntzak poesia kutsu bat duelako (pentsa ezazu filmetan indiarrek erabili ohi duten hizkera berezi horretan eta ulertuko duzu zertaz ari naizen). Hortaz, hizkuntz jaso horren eta esaldi ulerterrazen arteko oreka bat bilatzen ahalegindu naiz, zelan edo halan.

Liburu hau itzultzea ez da lan erraza izan, egonarri itzela eskatu du. Hemen, Koldo Zumalde lagun nekaezinaren izena aipatu behar dut, berorrek lagundu baitit, kaletik, akatsak zuzentzen. Nik hari gutunez bidali orri sorta bat, eta berak niri, zuzenketak iradokiz, gutuna itzuli; horrela egin dugu lan, bien arteko posta harremana hilabeteetan luzatuz aldi bakoitzean. Nik komunikazioak interbenituta ditudanez gero, eskutitz bakoitzak, lehenbizi, Madrilera joan behar izan duelako, han azter zezaten. Horrek izugarri moteldu eta oztopatu digu lana. 2012an hasi nintzen itzulpena egiten eta 2017an amaitu, bitartean bi urteko etenaldia izan bazen ere.

Barkatu akatsak; ziur nago hobeto idatz litekeela. Nire literatura ez da oso aratza agian; ez naiz itzultzaile profesionala ezta idazlea ere. Baina, nire ustez, nahiko erraz ulertzen da testua, eta zuzen itzulita dago.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet lan honetan lagundu didaten guztiei. Etxekoei lehenengo eta behin; beraiek gabe ezin izango nion aurre egin espetxealdi luze honi. Ber gauza lagun hurkoei. Mila esker arreba Eiderri eta lehengusina Ainarari guzti-guztiagatik; zuek gabe, ezin. Anaia Ikerri ere bai, itzulpen eta bilaketengatik. Koldo Zumalde eta Mark Washingtoni, zuzenketengatik. Maria eta Idurreri, liburuengatik. Ruper eta Kaxildori. Eta, jakina, Ataramiñeko lagunei; mila esker argitaratze honengatik.

Eskaintza: borroka honetako kide guztiei, Oihane nire bikoteari, eta, zelan ez, zerua eta lurra eta bien arteko guztiari.

Aitor Fresnedo Gerrikabeitia
Jaengo espetxean, 2020ko urtarrilean

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ataramiñe euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta kaleratzeaz arduratzen da.