2022-12-02 11:01

 

Azaroaren 19an Turkiak eraso berria burutu zuen herri kurduaren kontra Rojavan (Siriako Ipar Ekialdean) eta Basurren (Irakeko Iparraldean), berriro ere terrorismoaren kontrako borroka aitzaki. NATOko kide den potentzia honen erasoak etengabeak badira ere, oraingoan jauzi kualitatiboa eman duela esan daiteke, erasoaren dimentsioa eta hura burutzeko erabilitako indarra kontutan harturik.


Urteak dira Turkiak etengabeko presioa eta erasoak egiten dituela eremu honetan, eta 2021etik aurrera arma kimikoen erabilera ere salatzen hasi zen Kurdistango askapen mugimendua. Egunotako hau, beraz, segida horretan kokatu behar dugu, ezinbestean.


Hasieratik azpimarratu dugu Askapenatik Turkiaren helburu nagusia Ekialde Hurbileko potentzia bilakatzea dela, bere barne egoera ahultzen ari denean sakoneko krisi ekonomiko eta politikoan murgilduta. Hau , jakina, mundu mailan NATOk et AEB-k daramaten ofentsiba inperialistaren baitan ulertu behar da.


Turkiak azken urteak Errusiarekin harremanetan eman baditu ere (S 400 misilen erosketa, Siria eta Kurdistango egoeretatik eratorritako egoera ezegonkorrak eragindakoa elkarrizketak,...); AEBekin eta, ondorioz, NATOrekin zituen harremanei eusten asmatu du. Modu honetan agerian geratu da, une honetan behintzat, AEBk eta Turkiak elkar behar dutela bakoitzaren burgesiaren interesak babesteko, haien arteko harremana kontraesan nagusi izatera iritsi gabe.
Baina era berean, Turkiak autonomia handia lortu du, horregatik du gaitasuna Errusiarekin harremanak garatu eta hauek estutzeko AEBekin talka izan gabe. Are gehiago, Europar kapitalaren zati handi batek (tartean Euskal Herrian kokatutakoak ere bai) Turkia erabili du Errusiarekin harreman komertzialak zeharka bada ere sendotzen jarraitzeko, hala, Errusiari beraiek ezarritako santzioak ekiditeko.


Turkiak, estrategia desberdinen baitan, bere burua giltza gisa kokatu nahi du, lehengaiez hain aberatsa eta estrategikoki hain garrantzitsua den eremu kurdua bere menpe mantenduz. Eta helburu honetan bloke burges desberdinen  babesa du, honela azal daiteke bere autonomia, erlatiboa bada ere.


Testuinguru honetan, Euskal Herrian herri kurduaren eta bere askapen prozesuaren aldeko elkarretaratze eta protestak izan dira mugimendu internazionalistatik bultzatuta. Guztietan salatu da Turkiaren papera eta izaera faxista, baita NATOren inplikazio eta babesa ere.


Hala, Askapenatik ikusten dugu oraindik ere NATOren aurkako su izpiak pizturik dirauten arren, urrun gaudela 1986an herri gisa eman genion ezezko indartsu horretatik, eta egungo testuinguruak ez du honetan laguntzen. Ukrainaren bitartez NATOk abiatutako erasoaldiaren ondoren, asko izan ziren egoeraren larritasunak bultzatuta (tartean Errusiar inbasioaren argudioa erabilita) inperialismoaren arma kriminal hau babestera jo dutenak.
Bestalde, aste honetan jakin dugu Estatu Espainoleko aurrekontuak onartu direla espainiar Kongresuan. Tartean, NATO finantzatzeko aurrekontua nabarmen igo da, eta 2029an BPGren %2a bertara bideratzeko helburua erdiesteko pauso sendoak eman dira.


Euskal internazionalistok ezin dugu hau salatu gabe utzi. Arbuioa baino ezin digu eragin Espainiar gobernu ustez aurrerakoiak eta hura babesten dutenek beren politika sozialak herrien zapalkuntzan oinarritzeak. Egun pairatzen ari garen kapitalismoaren krisi honetan, hobe dugu errealitateaz jabetu eta horren arabera antolatzea eta borrokatzea.
Euskal Herritik ez ditugu gainontzeko herri langileen zapalkuntzak onartuko; halaber, kapitalismoa bizirik dagoen bitartean ez da herri librerik izango. Hori dela eta, Euskal Herrian borroka antolatuz, gainontzeko herri langileekin batera sistema hau suntsitzera goaz.


Ondorioz, Euskal Herriko langile klasea NATOren kontra indarrak metatzera dei egiten dugu. NATO dagoen bitartean ez Kurdistan, ez gainontzeko herriak ez baitira aske izango.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista