2020-11-27 11:35

Basurren (Kurdistan hegoaldea, Irakeko estatuaren menpe dagoena), 1991an ezarri zen KDPren (Kurdistango Alderdi Demokratikoa) agindupeko autonomia antzeko bat. KDP alderdiak, barzanitarren klanaren menekoa, arrez gero etengabeko abusu eta eskubide urraketak burutu ditu herri kurduaren kontra eta noski, barzanitarren interesen alde.


1998a arte, sei urte luzeko guda zibila bultzatu zuen PKK eta herri kurdu antolatuaren beste fakzioen kontra; 2003tik aurrera are agerikoagoa izan da boterearen monopolizazioa eremu politiko, ekonomiko eta sozialeko alor guztietan: korrupzioa, nepotismoa, pobreziaren areagotzea, emigrazioa bultzatu; disidentzia politikoaren kriminalizazio, bahiketa, espetxeratze eta hilketa; herrialdeko legebiltzarraren jarduna gerarazi zuten sistemaren erreforma politikoa planteatzeagatik ere...


Esan bezala, honek guztiak herriaren kaltetan baino ez du eragin, herrialdeko burgesiak (barzanitarren klanak kasu honetan) etengabeko hobariak eskuratzen zituen bitartean. KDPren gobernuak Turkiarekin dituen harreman komertzialak medio, azken honi urtero milioi erdi petroleo kupel saltzen dizkio. Eta salmenta horretatik eskuratutako dirua atzerriko bankuetara bidaltzen dute barzanitarrentzako jabetzak erosi ahal izateko. Bitartean, 2020ko abuztutik hona, KDPren poliziak 280 pertsona baino gehiago atxilotu ditu, eta gehienek torturapean sinatu behar izan dute protestetan gehiago ez parte hartzearen konpromisoa, bestela baldintzapeko askatasunaren baldintzak urratu eta espetxeratuak izango baitira.


Egoera honetan, nola ez, Turkiak bere eragina du, eta KDPrekin dituen adostasunen artean, azken honek turkiar armadaren 50 base eraikitzeko baimena eman du, tartean MITren (turkiar inteligentzia zerbitzuak) baseak ezartzeko; ordainetan Turkiak aire bidezko erasoak eta bestelako zapalketak burutu ditu PKKren aurkako borroka aitzaki (Qandilen, Shengalen...kurduen erresistentzia indartsu den eremuetan), turkiar hegemonia eta barzanitarren boterea handitu eta indartzeko.


Egoera honetan, urriaren 9an akordioa sinatu zen KDPren eta Bagdadeko gobernuen artean AEBek babestu eta eraikitako elkarrizketa prozesu baten baitan. Besteren artean, bertan zehazten zen barzanitarren indar militarrak (peshmergak) Shengal (Sinjar) eskualdetik atzera egingo dutela eta Shengaletik Duhokera doan errepidea irekiko dela. Honetaz gain, KDP eta bestelako alderdi kurduek euren ordezkaritza izan ahalko dute Shengaleko eskualdean.


Argazkia osatzeko eta egoera hobe baloratzeko, beste bi elementu gehitu behar zaizkio ekuazioari. Batetik, urriaren 9ko akordio hauen baitan, Turkiaren Ovaköy Mugako Atea proiektua sartzen da. Turkiatik Mosul eta Kirkukera iristeko trenbide eta autopista proiektua. Lehen azaldutakoaren harira, erraza da loturak egitea esaten badugu Mosul eta Kirkuken petrolio hobi garrantzitsuak daudela; Iraken 2014-2015ean izandako gerra oroitu baino ez dugu, bi kokaleku hauen garrantzia estrategikoa ulertzeko.


Maiz salatu ditugu Turkiaren interes inperialistak eta proiektu neotomandarra, baita Estatu Islamikoaren sustatzaileetako bat izatea ere. Hau beste adierazle bat gehiago da salaketa honetan berresten gaituena.


Bestetik, kontutan hartzeko elementua da Shengaleko herriaren antolakuntza Konfederalismo Demokratikoaren baitan. 2014ko abuztuan EIk yazidien kontrako sarraskia burutu zuen Shengalen, eta soilik kurduen askapenerako indarrek (YPG, YPJ eta PKK) erantzun zioten eraso honi yazidiei ihes egiteko korridorea irekiz eta EIri aurre eginez. Peshmergek (Barzaniren indar militarrak) sarraskiaren erdian alde egin eta Shengaleko herriari bizkarra eman zieten.


Honen ondoren, yazidiek eta Shengaleko beste herritarrek Shengaleko Autonomia Kontseilua eraikitzeari ekin zioten euren herria berreskuratu eta herriaren mesedetara bideraturiko politika eta jarduna gauzatzeko. Honetarako, esan bezala, Konfederalismo Demokratikoaren sistema eurenganatuta KCKren (Kurdistango Komunen Asanblada) baitan kokatu eta Autonomiaren defentsarako YBS indar armatuak sortu zituzten.

                                                     

 


Ondorioz, urriaren 9ko akordioak, herritik eta herriarentzat gauzaturiko sistema ezabatu eta interes kapitalisten mesedetan jardungo duen sistema politikoa ezartzea du helburu baita ere.


Testuingurua hau izanik, azaroaren 23an Bagdadek, akordioa gauzatzeari ekin eta, 3.000 soldadu bidali zituen Shengal aldera. Shengaleko Autonomia Kontseiluaren susmoa da pauso honek segituan ekarriko duela bertako autonomiaren kontrako erasoa Turkia, KDP eta Bagdadeko gobernuaren aldetik.


Honen aurrean, KCDK-Ek (Europako Jendarte Demokratiko Kurduen Kontseiluak), ekintza eguna deitu du gaurko. Askapenatik bat egin nahi dugu ekintza egun honekin eta Euskal Herriko eragileak animatu eraso berri hau salatzera.

 

 

Onartezina da interes kapitalistengatik herri baten askatasuna zapaldu eta bahitzea, eta gogoratu interes kapitalista horiek ez ditugu horren urrun bilatu behar: ITP, SAPA, Petronor, Iberdrola, CAF... asko dira Euskal Herrian bertan kokatzen direnak. Palestinaren kasuan CAFekin egin bezala, enpresa horien ardura salatzeko garaia ere bada.


Internazionalismotik eraso berri honi erantzungo diogu, elkartasuna delako herrien arteko samurtasuna.


Berxwedana jiyan e! Erresistentzia bizitza da!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista