2019-10-04 10:25

Hemen bizi eta ikusitakoaren ondoren, etxerako bueltan interneten “sionismoa” nola definitzen zen aztertu nahi izan genuen eta harritzekoa ez zaigun arren, oso mingarria egin zitzaigun honakoa “judutarrek haien aberria berreskuratzeko” mugimendu gisa definitzen zela ikusteak. Honen harira, esatea dago sionismoa XIX. mende bukaeran sorturiko ideologia dela eta ordurako koloniak ezartzen hasia zela, II. Mundu Gerra eta holokaustoaren ondorioz sortu zen korrontea denaren ideia baztertzen duena. Gainera, haien kontra lerrokatzen den oro antisemita denaren ideia ere dudarik gabe baztertzeko beharrean aurkitzen gara, “semita” izatearen funtsa Ekialde Hurbileko edo Mesopotamiako hizkuntzaren hiztun izatean baitago. Horrenbestez, palestinarrak berak semitak baitira. Azkenik, “haien aberria” zein den zalantzan jarri beharrean aurkitzen gara; alde batetik Palestina ez baitzen haien lehen aukera izan ‘aberria’ sortzeko ideia garatu zutenean. Haatik, hirugarren aukera izan zen. Bestalde, erlijio baten gaineko irakurketa desitxuratu baten aitzakian judutarrek herri bat osatzen dutela eta hortaz aberri baten beharrean daudela defendatzen duen ideologia kolonialista baten aldarrikapenek ez baitute inolako zilegitasunik.

Datu horiek aintzat hartuta, honako korronte honek gaur egun dituen ondorio lazgarrietaz kontziente izatea garrantzitsua izanda, jarraian idatziko diren lerroen bidez haietako batzuk bederen azalduko dira.

 

Hasteko, sionismoak palestinarren eguneroko bizitzak noraino baldintzatzen dituen ulertzea  ezinbestekoa da, haien ikasketetan, lanean eta elkarrekiko duten harremanetan nola eragiten duen desberdinduz. Goi mailako hezkuntzari dagokionez, Tulcaremeko unibertsitatearen egoera nahiko esanguratsua da bere berezitasunarengatik. Honakoa 1948ko lurraldeekiko mugan aurkitzen da eta bertako ikasle baten testigantza jasoz, behin baino gehiagotan sartu izan dira soldadu israeldarrak unibertsitatean armak eskutan. Gainera, unibertsitatearen eskumeneko lurrak bereganatu izan dituzte eta honakoa ekiditeko asmoz, unibertsitatea bere mugetan erakinak eraikitzen hasia da, haienak direla frogatzen duen zerbait fisikoa izate aldera.

Gurean gertatzen den bezala, bertan ere ikasle mugimendua dago. Honi dagokionez, Ramallah-ko Birzeit unibertsitatea aipatzekoa da, zeinak mugimendu nahiko indartsua duen. Ikasle mugimenduak bertan bi ildoren kontra egiten du. Batetik, ikasle nahiz irakasleek bat egiten dute israeldar okupazioaren kontrako borrokan. Bestetik, ikasle diren heinean, unibertsitateak duen antolatzeko erari dagokionez, desadostasunak dauden puntuetan ere horren kontra egingo dute. Palestinar Aginte Nazionalaren utzikeria salatzen ere jarduten dute, aurrekontuen %30 indar okupatzaileekin elkarlanerako segurtasunera bideratzen duen bitartean, hezkuntzan %3-4 besterik ez duelarik inbertitzen.

 

Bertako ikasle kontseiluak azaldu bezala, maiztasun handiarekin sartu izan dira soldadu sionistak ikasleak atxilotzera, gehienetan ikasle mugimenduaren barnean oso aktibo ibilitako pertsonak atxiloketa-administratiboaren bidez preso eramanez. Gainera, Jerusalemen unibertsitate palestinarra nahiz hebrearra daude, palestinarra izaki “Jerusalemeko unibertsitatea” izenpeturikoa. Nominazio hori eskuratze aldera eta horrekin sionisten legitimazioa indartze asmoz (unibertsitate israeldarrak izen hori ez badauka aurretik beste unibertsitate batek baduelako delako), bertako tituluei ez diete merezi duten balioa aitortzen.

 

Horrek, lana lortzeko edukiko duten zailtasunetara garamatza. Lehenik eta behin, produkzio bitarteko gehienak israeldarren esku daude eta gainera, palestinar unibertsitateetan ikasitakoei errekonozimendu gutxiago emateak lana topatzeko zailtasun gehiago izatea suposatzen du. Jasotako informazioaren arabera, Gazan biztanleria palestinarraren %50a langabezian dago, Zisjordanian ehuneko hori %25era jaisten den bitartean. Lan baldintzak eskasak dira oso, batez ere kontutan hartuz, legeak lege, asko kontraturik gabe ibiltzen direla lanean eta gutxieneko soldatarik jasotzen ez dutenez, bigarren lan bat bilatzeko beharrean aurkitzen direla. Langile antolakunde (hemengo sindikatu) batek adierazi bezala, honakoek jasaten duten jazarpena nabarmena izaten da, batez ere mugako herrietan, lanera joateak check point gogorretatik igaro beharra suposatzen baitu, Tulcaremeko kasuan, esaterako, 10.000 langiletik gora honakotik pasatzeko beharrean aurkitzen direlarik.

Adibide bat ipintze aldera, lanean goizeko zortzitan egoteko gai izateko, goizeko hiruretarako jaiki beharko dira, lauretan beranduenez check pointean egoteko. Check pointean ordu luzez egon beharko dira, umiliazio ugariri aurre eginez, eta nor eta noiz pasa erabakitzen duena bertan dauden sionistak izaki, ezinegonak eta jendetzak eraginda palestinar batzuk hiltzea suerta daiteke, bultzadek eta arnasteko ezintasunak eraginda. Arrazoi bat edo beste tarteko, langile palestinarrak ez badu lanera heltzea lortzen, ez du lanegun harengatik soldatarik jasoko.

 

Hau guztia gorabehera, emakumezko palestinarrek gizonek baino are zailtasun gehiagori egin behar izaten diote aurka lan egin ahal izateko. Emakumezkoek lana topatzen dutenean kontraturik gabe egiten dute lan sarritan eta badira bakarrik emakumeei bideraturiko lanpostu batzuk, lanpostu horretako hitzarmena betetzeak ez duelarik bermatzen bi sexuen arteko berdintasuna. Horrek agerian uzten du emakume nahiz gizonezkoen artean dagoen desberdintasuna. Are gehiago, haurdun geratzen badira edota erditu ondoren egun batzuetan zehar atseden hartzeko erabakia hartzen badute, ez dute haien lanpostua bermaturik izango bueltatzerakoan.

 

Palestinarrek elkarren artean harremantzeko duten erari dagokionez, ezinbestekoa da gogora ekartzea biztanleriaren gehiengoa musulmana den arren, judutarrek biztanleriaren %10a osatzen dutela eta beste %10 bat gainontzeko erlijioen artean banaturik dagoela. Ez da beraz, erlijioa palestinarren arteko edo sionistekiko istiluen iturri.

Bestalde, egunerokotasunean jasaten dituzten arazo horiez gain, kontutan hartu beharra dago liskarrak ere nahiko ohikoak direla, dela jasandako ekintza konkretu bati erantzun emateko asmoz, dela egunerokotasuneko egoerari aurre egiteko asmoz. Bien adibide izan daitezke, gose greban dauden presoen alde Ramallah-n burutu zen manifestazioa, zeina gose greban zeuden (eta egun dauden) presoekiko elkartasun keinu bezala egin zen edota ostiralero Kfer Qaddumen burutzen diren istiluak, hurrenez hurren. Aipatzekoa ere Jerusalemen Eid ad Adha ospakizunaren bezperan kolonoek probokazioz beteriko manifestaldiak burutu zituztela palestinar oro mehatxatuz.

 

Gogora ekarri beharra dago, Palestina osoan apartheid egoera argia ematen den arren, lurralde askatuetan existitzen den borroka maila askoz ere altuagoa dela, horretarako bitartekoak oraindik mantentzen baitituzte 48ko lurralde okupatuetan ez bezala. Horri dagokionez, atentzioa deitu zigun israeldarrek beraiek ere bi lurraldeen arteko bereizketa argia egitea, “ofizialki” Palestina izango zena “Irak txikia” bezala definitzera helduz. Horrela, zonalde askatuetan intentsitate baxuko etengabeko gerran bizi diren heinean, sionisten ikuspuntutik kontrolatu beharreko egoera batean daude eta aitzakia hau baliatuta bertan egiten duten oro zilegi izanen da beti, edozein motatako indarkeria erabiltzea haien begietara justifikatua egonik.

 

Laburtuz, bertatik bizitakotik egindako irakurketa nagusia da arazoak ez direla momentu puntualetan bizi ditzaketen gatazketara mugatzen, baizik eta egunerokotasunean gauza askori egin behar izaten diotela aurre. Era berean, palestinar izatearen sentimendua askatasunari hertsiki loturik dago eta hortik eratortzen da jasaten duten kolonialismo zein okupazioari aurre egiteko indarra, palestinar guztiek batera borroka egitera eramaten dituena. Horrenbestez, ezin daiteke Palestina bere osotasunean herrialde bat izateko nahia nazionalismo modernoari loturik dagoen ideia gisa ulertu, kolonialismoari aurre egiteko aldarri bezala baizik. Amaitzeko, sionistei eskerrak ematea gustatuko litzaiguke. Beraz, eskerrik asko, herrien arteko elkartasuna ezinbestekoa dela irakasteagatik.

 

PALESTINA ASKE BATEN ALDE BORROKAN JARRAITUKO DUGU! GARAIPENERARTE!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista