2021-03-21 14:55

Kurdistango askapen mugimenduak dioen bezala, historiak bi ibai ditu: bata, boteredunek idatzitako historia ofizialaren ibaia; bestea, herriarena. Mendeak dira Mesopotamia ibarrean eta Ekialde Hurbilean, unean uneko bertako agintari boteredun eta munduko potentzia zapaltzaileek guztia arpilatzen dutela, aberastasuna metatzeko xedez.

 
Sykes-Picot, Lausanne, errefuxiatuak kontrolatzeko EBren eta Turkiaren arteko akordioa... asko dira aipa ditzakegun gertakari eta izen propioak, eskualde horretako aberastasunen arpilaketari eusteko. Eremuko lehengai oparoak eta duen kokaleku estrategikoak funtsezko garrantzia dute inperialismoarentzat.


Kapitalismo heteropatriarkalak herriak zapalduta behar ditu bizirauteko, herriei euren burujabetza bahitu behar die aurrera egin ahal izateko. Horregatik ezinbesteko atakan jartzen ditu herriak: zapalkuntzak berekin dakarren heriotza isilik onartu ala bizi ahal izateko borrokatu.


Borroka hori da herrien historia osatzen duen ibaia. 70eko hamarkadan, Kurdistanen, eta Turkian oro har, kemalismoak ezarrita zuen erregimen zapaltzaileak erresistentzia handia piztu zuen eta, bide horretan, kurdu izatearen kontzientzia zuen gazte talde batek bideratutako korrontea jaio zen. 


1978an, inflexio puntua ezarri zen historia honetan: kurduen askapen mugimenduaren sorrera eta herri gisa abiatutako askapen borrokaren hasiera. Kurdu eta langile izatearen kontzientziak bat eginda ekin zioten, eta hala jarraitzen dute egun ere. Are gehiago, urteen poderioz, emakumeen zapalkuntzaren inguruko nahiz emakumeen borrokaren inguruko hausnarketa oso indartsuak egin dituzte, eta ondorioak nabarmenak izan dira: emakume iraultzaile kopurua izugarri hazi da urtez urte, bai kapitalismoaren, bai patriarkatuaren aurka egiteko. Amedeko espetxeko erresistentzia, lehen ekintza armatuak, Konfederalismo Demokratikoa, Jinealoji, Kobane, autonomia aldarriak Bakurreko udaletan, Surreko erresistentzia, Afrin, Shengal, Gare... 


Kurdistango herria bere historia idazten ari da eta, aldi berean, herri guztiok zapaltzen gaituen kapitalismo heteropatriarkala borrokatzen. Horregatik Askapenatik adierazi nahi diogu herri borrokalari honi geure elkartasun internazionalista, sistemari leku desberdinetatik eraso eginez eta elkartasunez soilik lortuko dugulako berau garaitzea. 


Turkiako ejertzitoarekin lankidetza estua duen ejertzito espainol nahiz frantsesak okupatzen dute gure herria; turkiar estatuarekin akordio ekonomikoak adostutako enpresak, era berean, geure kontura aberasten ari dira (Iberdrola, BBVA...); Euskal Herriko unibertsitateek hitzarmenak sinaturik dituzte turkiar estatuarekin akordio armamentistikoak dituzten enpresekin... hau da, geu ere herri gisa zapalduta izateak aukerak ematen dizkio klase kapitalistari geurearekin batera beste herriak zapaltzeko.


Askapenatik beti esan dugun moduan, internazionalistak garelako, borroka internazionalistaren lehen pausoa Euskal Herrian emango dugu; esan bezala, geure herria askatzearekin lagunduko baitugu gainontzeko herriak askatzen. Horrek batzen gaitu.


Eta borroka horretan lagun ditugun herri horietatik guztietatik ikasiko dugu. Kasu honetan ukaezina baita Konfederalismo Demokratikoak eta Jinealojik Euskal Herriari egiten dioten ekarpena geure askapen borroka propioan aurrera egin ahal izateko. Kurdistango askapen borrokan emandako paradigma aldaketa honek berebiziko garrantzia izan du bai Kurdistanerako, bai munduko gainontzeko herrientzako. 


Eta, ezin esan gabe utzi, une honetan, ekarpen garrantzitsu horren pentsalari nagusia, Abdullah Öcalan, Imraliko espetxean dutela isolatuta, haren osasun egoera zein den ere jakin gabe. Idatzi hau ere baliatu nahi dugu Öcalanen isolamendua amaitzeko exijitu eta bere askatasuna eskatzeko.


Aurten Newroz eguna Euskal Herriko hainbat txokotan ospatuko da; Bilbon, Baigorri-Garazin, Donostian... erresistentzia eta elkartasun suak piztuko dira, eta su horiek piztearekin batera herri gisa bizirik gaudela aldarrikatuko dugu, aske izatearen hautua egin dugula eta horregatik eta horretarako borrokatuko garela. Su horiek piztearekin batera geuk ere bizitza erresistentzia dela aldarrikatuko dugu, zuekin batera.


Newroz pîroz be!
Biji berxwedana Kurdistan!


Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria internazionalista!

 


 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista