2019-08-02 13:05

Gure bidaiarekin jarraituz Shatila kanpamentuan astebete eman dugu eta iada berora ohitu gara. Bertan jende ezberdina ezagutu dugu, baina batez ere Cuban ikasitako palestinar errefuxiatu bati esker lortu dugu esparru honetan zehar harremanak egitea eta antolakunde ezberdinekin elkartu ahal izatea. Bertako egoera “kaotikoa” ikusirik oso baliagarria izan zaigu halako laguntza bat aurkitu izana.

Hemen Euskal Herriaren inguruko hitzaldi bat emateko aukera izan genuen, gure herriaren historia, egoera eta herriekiko elkartasuna azalduz. Farmawi deituriko zentro sozial batean izan zen eta zelaian dauden siriar errefuxiatu batzuk zein ezagututako palestinar antolakunde ezberdinetako kideak (PFLP, Hamas, Fatah, DFLP, PLO-ko emakumeak…), CYC zentroa (Children and Youth Center) eta Shatilan egon garen bitartean ezagututako pertsona anitzak (egun fronte ezberdinetan antolaturik ez dauden pertsonak) gerturatu ziren bertara. Hitzaldiaren momenturik hunkigarrienak Euskal Herritik Palestinarekiko elkartasuna erakutsiz egindako ekimenak aurkeztean eman ziren, gure borroka internazionalista eskertuz eta txalotuz. Gure azalpena eman eta gero hitzaldira etorritako gizonekin eztabaidatzeko aukera izan genuen, gure egoera Palestinako borrokarekin alderatuz eta Osloko akordioen inguruko estrategia aldaketan sakonduz.

Shatilan emandako azken egunean Cubako enbaxadan egoteko tartea izan genuen J-26aren altxamendua ospatzeko. Aurretik, Cubak erakutsitako elkartasunaren adibideak ikusi izan baditugu ere aurreko kronikan eta kronika honen hasieran aipatu dugun bezala, errealitate hori baieztatu ahal izan genuen bertan ikasi zuten Libanoko alderdi komunistako edo DFLPko kideak diren hainbat palestinar eta libanotarren esperientzia ezagutu ahal izan baititugu.

Haietako askok medikuntza ikasketak burutu dituztela baieztatu dugu, baina nahiz eta formakuntza maila oso altua izan, zailtasun asko aurkitzen dituzte palestinarrek Libanon lan egin ahal izateko. Aurreko kronikan aipatu genuen bezala, hainbat lanpostutan aritzea debekaturik dute eta  Kamille Abu Suleiman lan ministroak hemendik aurrera atzerritarrentzat baimen berezi bat beharko dutela adierazi zuen duela gutxi, palestinarrei eremu honetan traba gehiago jarriz, hori baita hain zuzen euren helburua. Hauek euren errefuxatu egoerari uko egin beharko liokete lan egin ahal izateko, baina ezin dugu ahaztu ez direla migranteak haien lurralde okupatutik kanporatutako pertsonak baizik eta ezin direla inongo kasuan euren herrira askatasunez bueltatu. Gainera errefuxiatu estatu sa gaitzesteak, UNRWak eskaintzen dizkien laguntzei (EEBB-n eta Israelen presioaren ondorioz,  laguntza hauek %40ra jeitsi dira jada eta gero eta gehiago jeisteko joera egongo da datozen urteetan) uko egitea izango lirateke eta bestetik Libanoko gobernuak egoera honen aurrean ez die inongo babes juridikorik ematen. Hala ere,  antolakunde ezberdinek aipatu digute hau ez dela Libanoko gobernuak berak hartutako erabakia baizik eta EEBB-ek eta Frantziak Israelgo entitate sionista babesteko eta palestinarrak presionatzeko bultzatutako neurria. Hauek, komunikabide ezberdinetan irakurri dugunaren arabera, politika hauen truke Libanoko gobernuari laguntza ekonomikoa eta haren zorraren gutxitzea eskaini diote, Estatuaren egoera ekonomikoa itogarria delako; hori baliatuz, palestinarrei babesa eskaintzen dioten bestelako herrialde batzuekin egin izan dutena gertatzen ari da. Modu horretan, presio ekonomikoaren bitartez errefuxiatu palestinarrei babesa eskaintzea eragozten saiatzen ari dira, kontzeptu hori desagerraraztea baita sektore inperialistek bilatzen duten helburuetako bat.


Atzerritar eta, are gehiago, errefuxiatuentzat, hainbeste traba suposatzen dituzten politika hauek ez diete noski soilik palestinarrei eragiten. Shatilan dagoen siriar komunitateak ere jasaten ditu zailtasun hauek. Euren lurraldetik gerraren ondorioz alde egin behar izan ondoren, egoera ekonomiko tamalgarrian aurkitzen diren familiak ezagutu ditugu; Yarmouketik etorrita gehienbat. Zuten bizi-maila zinez duina galdu duten familiak, hain zuzen ere. Sirian eskubide guztiak zituzten bozka eskubidea izan ezik, Shatilan ordea, lan eskubide gabe aurkitu dira eta euren bizi baldintzak modu izugarrian behera egin dute.


Dagoeneko Shatila utzi dugu eta Badawira etorri gara, Libanoko iparraldeko Tripoli hirian kokatzen den errefuxiatu esparrua. Ez du zer ikusirik hemengo egoerak aurreko zelaian zegoenarekin eta  herri baten antza hartzen du honek: kale zabalagoak, egitura sendoagoak, eskola eta zentro medikuak, zakarra jasotzeko kamioia, ur geza etxeetan…  zalantzarik gabe, bizi baldintzak askoz hobeak dira hemen Shatilan baino. Gune honetan, PAHF (PFLP)-ren presentzia sendoa nabaria da eta haiek dute esparruaren kontrola. Horrela, presentzia militar handiagoa dago hemen eta guk ere segurtasun neurri horiek nabaritu ditugu, batez ere gu zaintzeko izan duten moduan.  PAHFko kide batzuekin izandako solasaldian esan ziguten bezala, beste esparru askotatik alderatuz, hontan 1982an ez ziren armak kanporatuak izan eta horregatik armen presentzia da hain nabaria.

 

Izandako solasaldian deigarria iruditu zitzaigun ere hemengo militante eta PAHF-ko kideek hainbat PAEko (OLP) buruzagi palestinarrekiko  erakusten duten mesfidantza, Abu Mahsen – Mahomud Abbas kritika sakonen aurreneko liderra izanik. Horren adibide da hemen egon garen bitartean, Israelek uztailaren 17tik aurrera palestinar etxeak eraistearen ondorioz, Palestinako lehendakariak hartutako erabakia. Horrela, Osloko akordioak bertan behera geratuko zirela adierazi zuen honek eta, modu ofizialean, hainbat alderdi edo frontek harekiko adostasuna agertu badute ere, inolako eraginik izango ez dutela azaldu baitigute barne mailan.

Debate eta eztabaidetaz gain, hona iritsi aurretik jadanik lotua genuen hitzaldia emateko aukera izan genuen PAHF-ren egoitzan. Hemen ere, Palestinarekiko gure elkartasun keinuak eskertu zituzten: boikot kanpaina alor ekonomiko, politiko, akademiko eta kulturalean, urteroko brigadak eta palestinarren egoeraren zabalpena… Hau ikusirik, benetan ohartu gara, halako kanpaina eta ekintzek eragin politiko zuzena izateaz gain (batzutan hala iruditzen ez bazaigu ere) garrantzi sinbolikoa ere badutela, hemengo jendeak elkartasun keinu txikiena ere zintzotasunez eta bihotz- bihotzez eskertzen baitu, Entitate Sionista kriminalaren kontrako borroka honetan bakarrik ez daudela erakusten baitie.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista