2021-01-14 09:32

Urtarrilaren 4an, Istanbuleko Bogaziçi Unibertsitatean protestak hasi zituzten bertako ikasleek AKP alderdiarekiko leiala den Melih Bulu errektorea ezarri duelako Erdoganen erregimen faxistak. Protesta horiek hasi orduko, ikasleen kontrako sarekadak burutu ditu turkiar poliziak, ehunka etxe miatu dituzte... baina, era berean, estatuaren errepresioaren aurrean, ikasleen borroka hedatu egin da beste unibertsitate batzuetara.

 

Enegarrenez, turkiar Estatuaren izaera faxista salatzen dugu, oraingoan herriaren zapalkuntza iraunarazteko estrategikoa den hezkuntzan zuzeneko kontrola bermatu nahi baitu. Ez da lehenengo aldia postu garrantzitsuetan bere agenteak kokatzen dituela Turkiak, zuzeneko kontrol horren bitartez, disidentzia txikiena ere suposa dezakeen edonor atxilotu eta isiltzeko.

 

Hezkuntza estrategikoa da, baita aske izan nahi duen herri batentzat ere. Ezaguna da Kurdistango askapen mugimenduaren hazia turkiar unibertsitateetan jaio zela, ezinegonez betetako gazte belaunaldi batek iraultzaren bideari ekin baitzion bertan. Haien zapalkuntzaren kontzientzia hartzea, antolakuntza esperientziak, errebeldia elikatzea formakuntza ideologiko eta politikoaren bitartez... asko izan ziren unibertsitateetan jasotako irakaspenak ezarritako kurrikulumetik harago.

 

Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza sistemak soilik bermatuko du herriaren etorkizun askea. Eta egun hauetan Bogaziçi eta beste unibertsitateetan aurrera daramaten borrokan horren alde ere ari direla ulertzen dugu Askapenatik. Herri askerik ezingo baita eraiki estatu zapaltzailearen interesei erantzungo dien hezkuntza sistematik.

 

Geure elkartasun osoa gazte borrokolari guztiei, izan Istanbulgo Bogaziçin, izan beste hezkuntza zentrotan nahiz beste edonon. Zuek zarete etorkizuna eta zuen borrokak etorkizun askeago bat argitzen du. Euskal internazionaliston aldetik, geure konpromisoa zuen borrokari oihartzuna eman eta Euskal Herriko gazte borrokalariei helarazteko, herritik herrira zubi internazionalistak eraiki daitezen.

 

Hamaika herri, borroka bakarra!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista