2019-08-31 09:29

Urtero bezala, Askapenako brigadako kideok Uruguain eman dugu azken astea. Hemen, Coordinadora 24 de Agostok Euskal Herriarekiko burutu den elkartasun keinu garrantzitsuenetariko baten harira izugarrizko lana egiten du: Espainiaren esku utzi nahi ziren euskal errefuxiatu politikoen eta asilo eskubidearen alde Uruguayko herria kalera atera zenekoa oroitu, eta poliziaren karga bortitzaren ondorioz, erahildako Fernando Morroni eta Roberto Facalen kasuen gaineko justizia eskatzea. Aurten 25 urte bete dira guzti hau gertatu zela, eta, Montevideon herri mugimendua kalera atera da berriro ere.

 

Aurrekariak

Filtroko gertakari krudelak 1994ko abuztuaren 24ean jazo baziren ere, kontua lehenagotik zetorren. Aurretik, 1989. urtean, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuburu ohiak euskal errefuxiatu politikoen aurkako sorgin ehiza abian ipini zuen. Uruguain, zerbitzu sekretu uruguaitarraren eta espainiarraren arteko elkarlanaren ondorioz, 1992an zortzi euskal herritar prozesatuko dituzte nortasun agirien faltsifikazioa leporatuta. Segituan antolatuko da euskaldunekiko babes sarea, asilo politikorako zuten eskubidean oinarrituta. “Ser vasco no es delito” lemapean, komisio bat osatuz.

Erantzun arin eta antolatu honetan, zerikusi handia izan zuen Uruguaik 1973-1985 artean diktadura militar basati bat bizi izan zuela. Era honetan, famili gehienetan izan dute errepresioaren ondorioz jazarriko, eraildako, desagerturiko edo erbesteraturiko norbait. Ondorioz, askok Euskal Herriko borrokaren inguruan ezagutza askorik ez izan arren, errepresiotik eta torturatik ihesian zebiltzan borrokalari batzuen aldarria eurena bihurtu zuten. Hementxe bertan transmititu diguten bezala, aferak euskaldunen arazotik haratago zihoan, belaunaldi berriek militarrei eta gobernuari esan behar zioten eskubide batzuk ez zeudela salgai, kasu honetan, asilo politikoarena. Euren herrialdearen burujabetasuna ere kolokan zegoen.

 

Gertakari goibelak

Honela 1994. urtean, hiru euskal herritarren aurkako estradizio agindua abian jarri zenean, berehala antolatu zen errefuxiatuen aldeko babes sarea. Felipe Gonzalezek, Uruguaiko garaiko gobernuburua zen Luis Alberto Lacallerekin tratu anker bat hitzartu zuen: hiru euskal errefuxiatu errepresio indarrentzako azpiegituraren truke (ekipazioa, armak, furgonetak…). Ilunpeko hitzarmen hau gauzatu bezain laster atxilotu zituzten hiru euskal herritarrak. Hauek, lau hormen artean, asilo politikoa aldarrikatuz gose grebari ekin zioten. Hamalau eguneko gose greba luzea izan zen. Bitartean Montevideoko polizia jefaturaren kanpoan gau eta egun antolatu ziren uruguaitarrak, kanpaldi iraunkor bat antolatuz. Hamalaugarren eguna pasata, euskal errefuxiatuek greba idorrari ekin zioten eta segurtasun indarrek Filtro ospitalera mugiarazi zituzten. Jendetza noski, eurekin mugitu zen. Egun horietan jazotakoa ederki azaltzen du Gernica 94 dokumentalak (https://www.youtube.com/watch?v=XKLEyb7ZiG0)

Memoria eta Justizia

25 urte hauetan, “Plenaria Memoria y Justicia”k lan izugarria egin du gertakari hauek ahanzturan gal ez daitezen. Haien lana bi ardatzetan kokatzen da, batez ere. Alde batetik, legalki, Fernando Morroniren erahilketaren arduradunal identifikatu, epaitu eta zigortzea. Borroka honen protagonista eta ikur da Norma Morroni, Fernandoren ama. Urte guzti hauetan justizia eta egiaren bila borrokan tinko eta gogor mantendu den emakumea. Orain dela bi urte, anonimoki bere semea tirokatu zuen pertsonaren identitatea helarazi zioten, eta, iaz, Askapenako brigada hemen zela, egunkari garrantzitsu batek, izena eta bere erruduntasunaren frogak kaleratu zituen. Gaur egun, hortik jarraitzeko asmoa dute.

Bestalde, abuztuko data gogoangarria gerturatzen den heinean, belaunaldi berriei honen berri eman, eta eztabaidaguneak sortzea ere bilatzen du. Honetan lagundu diegu guk aste honetan zehar. Zehazki, fakultate, sindikatu eta mugimendu desberdinen lokaletan bideo emanaldi eta hitzaldi desberdin eman ditugu, eta hainbat irrati eta komunikabide idatzietan, elkarrizketak. Bertan, euskaldunak zeri ihes eginik heldu ziren Uruguayra azaldu dugu: espainiar estatuko errepresioa, torturak, espetxealdi luze eta krudelak, dispertsioa… Kasuren batean, euskal herriko borrokaren sustrai historikoetara hurbilketa motz bat ere egin dugu. Eta noski, gaur egungo egoerari buruz ere galdekatu gaituzte: presoak, euskararen egoera, irailean egongo den 47 euskal herritarren aurkako epaiketa...  Denaren gainetik, behin eta berriz azpimarratu diegu euskal jendartearentzat zeinen berezia izan zen Uruguayko herriaren borroka eta elkartasuna.

 


Norma Morroni, duintasun eredu

Norma, Fernandoren ama, bere txikitasunean emakume erraldoia da. Euskaldunon bisita beti da alaitasun iturri beretzat. Argi du berak ere, data hauetan justizia exijitzeaz gain, nolabaiteko ospakizun bat ere badela. Horregatik hartzen gaitu gatozen brigadista guztiak etxean, eta zaintzen gaitu betiko lagunen antzera. Bere paperaz gain, beti ditu esker hitzak Askapenarentzat, eta, batez ere, bere Uruguaiko kideentzat, haiei esker zutik jarraitzen duela azpimarratzen du behin eta berriz. Hau ere, kolektiboan egindako borroka bat dela erakutsi digu. Gure miresmen eta esker beroena beretzat!


 
Filtroko martxa

Urtero bezala aurten ere, Obelisko parean hasi eta Filtro ospitalea zegoen lekuraino manifestazioa burutu dugu. Aurten ere ehundaka lagun batu gara orain dela 25 urteko gertaerak gogorarazteko.

Aurten ere “Coordinadora 24 de agosto” izan da manifestazioa eta ekitaldia prestatu dituena eta hainbat eta hainbat elkartek, sindikatuk, ikasle taldek… hartu dute parte. Dos pueblos, una madre zihoen gaurko pankartak, eta honen atzean eta bandera artean ordubeteko ibilbidea egin dugu. Gaurkoan hemen bizitzen jarraitzen duen Josu Lariz, eta, 1994an estraditatua izan zen Josu Goitia izan ditugu martxakide.

Momenturik tentsoenak militarren instalazioetatik pasatu garenean bizi izan ditugu. Bertan, gazteek protagonismoa hartu eta “milikoei” oihuka aritu zaizkie, militarrek gazteak grabatzen zituzten bitartean. Gainera, gazte hauek martxan zehar elkartasun internazionalistaren beste adibide bat eskaini digute: irailean epaituak izango diren 47 euskal herritarrak gogoan izan dituzte eta Montevideoko kaleak aldarrikapenez bete dituzte!

 

Martxa amaitzeko, ekitaldi politikoa egin dugu, Plenaria Memoria y Justiciak hasi eta deitzaile guztiek hitza hartu dute, Norma Morronik itxiera eman diolarik. Bere aurretik, guk ere, Etxerat eta Askapenaren izenean hitz batzuk bota ditugu, batez ere, orain dela 25 urte egondako elkartasun erraldoia goraipatu eta eskertzeko. Amaitzeko, agurra dantzatu diogu emakume borrokalari eta handi honi!

 

¡Arriba lxs que luchan!
Hamaika herri, borroka bakarra!
Fernando eta Roberto gogoan!


Eta momentu hunkigarri honekin ematen diogu gure brigadari eta gure kronikei amaiera. Izugarrizko plazerra izan da Argentina eta Uruguayko jendea ezagutzea. Haien borrokak ulertzeko bidea zabaltzeagatik beti eskertuta egongo gara, eta noski, haiekin batera mundu desberdin baten aldeko borrokari eutsiko diogu. Beti gogoratuz, haien erronka eta gurea berbera dela: kapitalismoa eta langileriaren aurkako politikak suntsitzea!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista